Kontratu txikiak "abusuz" erabili izana salatu du Abotsanitzek
Lehia Agintaritzak ebatzi du udalak gastuak zatikatu dituela kontratazioetan eta Montai taldea osatzen dituzten enpresak elkar lotuta daudela.
Abotsanitzek jakinarazi duenez, Lehiaren Euskal Agintaritzak Hondarribiko Udalaren kontratazio txikiak aztertu ondoren, udalak muntaketa zerbitzuetarako kontratu txikien erabilera irregularra egin duela ebatzi du. Era berean, lehiaketa publikoak deitu behar ez izateko, eta hortaz, 15.000 euroko langa ez gainditzeko gastuak zatikatu dituela, eta Montai taldea osatzen duten enpresak “elkar lotuta” daudela ere adierazi du aipaturiko euskal agintaritzak.
Publizitatearen printzipioa eta Sektore Publikoko Kontratuen legea urratu dituztela dio oposizioko alderdiak, konpetentziari merkatua itxi zaiolako eta kontratu txikien erabilera “abusuz” erabili dituztelako. “Lehia eraginkorra galarazi duela ebatzi du agintaritzak”, azaldu du Abotsanitzek. Ondorioztatu dute, ebazpen hauek arrazoia ematen diela udal gobernuaren kontratazio prozedurak gaitzetsi dituztenean “herritarren interesak eta legea defendatzeko egin” dutela.
Atzera begira, Abotsanitzek, udal gobernuari urte luzez kontratatzeko modua aldatzeko eskatzen egon direla gogorarazi du, eta EAJ-k osatzen duen udal taldeak jaramonik egin ez izana salatu dute, halaber, “gezurretan eta zintzotasun faltaz” jokatu izana leporatu diete jeltzaleei. Aurretik, auzi berarekiko Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak, EAEko Fiskaltza Nagusiak ere “arrazoia eman” ziela erantsi dute.
Kontu kontratatzaileak ere “behin eta berriro” argitara eman zuela udala zerbitzuen kontratazioetan legea urratzen zela adierazi dute, “zerbitzuak modu zatikatuan kontratatzen direla, eta urte luzez kontraturik gabe eta lizitaziorik gabe hornitzaile berdinek egiten dituztela lanak Hondarribiko Udalean”, esaten zuen kontu kontratatzaileak Abotsanitzen arabera. Bada, Txomin Sagarzazu alkateak honen berri zuela deitoratu dute, eta hori jasotzen zuen eragozpen txostenak balio gabe utzi izana salatu dute.
Montai taldeko enpresen artean lotura dagoela berreskuratuz, gaineratu dute enpresa horiek direla udalari kultur ekitaldietako atezain zerbitzua eskaintzen dieten bakarrak, eta kontratatzeko modua berriz arbuiatu dute: “Modu zatikatuan eta kontratu txikien kopuru muga gainditu gabe fakturatzen dute enpresa horiek, kontratazioa lehiaketa publiko bidez egitea saihestuz, publikotasunari eta konpetentziari atea itxiz”.
Txosten honen berri izan ondoren, ez dakitela “zer gertatuko” den adierazi du oposizioko udal taldeak. “Gerta liteke udal gobernuak esatea txosten horretan jasotzen diren gomendioak kontuan hartuko dituela, eta 2022 ekitaldian kontratazio plana burutuko duela”, baina ea zergatik udalak ez duen kontratazio plana bete, urtero urtero “Abotsanitzek eskatu izan duenean” eta ea zergatik ez duten Legearen arabera kontratatu orain arte galdetu dute, baita ea beharrezkoa al zen 2015eko Kontu Publikoen Euskal Epaitegiaren txostena eta gero, Lehiaren Euskal Agintaritzak esandakoa “beste modu batera egiten hasteko”.
Azkenik, EAJ-k, udalaren irregulartasun hauek egin izana ea babesten dituen eta irregulartasun hauen arduraduna nor den jakin nahi du Abotsanitzek. Egindakoaren ardura “gai honetan ere” ez al duen inork hartuko galdetzen azaleratuz bukatu dute.