Udal garbitzaile eta enpresaren negoziazioa, blokeatuta
Sindikatuak eta Samyl enpresak bilera eduki dute gaur goizean, baina, sindikatuen arabera, enpresak ez du bere jarrera aldatu, eta negoziazioa blokeatuta dago.
Ostiralean elkarretaratzea egin ondotik, gaur, bilera eduki dute udal garbitzaile eta Samyl garbiketa enpresako ordezkariek. 11:00etan hasi da eta ordubete inguru iraun du.
Ainhoa Etxarri ELA sindikatuko ordezkariaren esanetan, —enpresa batzordean ELA, LAB eta CCOO daude ordezkatuta— enpresak ez du bere proposamena aldatu, eta horrenbestez, negoziazioak blokeatuta daude, datarik gabe.
Etxarriren arabera, enpresak udala egin du egoeraren erantzule, baina aurretik, udalak gauza bera egin zuen enpresarekin. “Udalarekin egindako bileran, epe luzerako lan hitzarmena sinatzea begi onez ikusi zuten pliegoetan gure eskaerak aintzat hartzeko”, adierazi du. Gaurkoan, berriz, enpresak udalari egotzi dio bere partea egin nahi ez izana, “batak besteari botatzen dio errua”, gaineratu du.
Gaurko bileran enpresa udalarekin hitz egiteko konpromisoa agertu du egoera argitzeko. Edozein kasutan, sindikatuek “itxaropen gutxi” dutela zehaztu du Etxarrik.
Egoera horren aurrean, mobilizazioarekin jarraituko dute garbitzaileek, eta datorrena hilaren 16an (asteazkena) izango da, 16:00etan, udaletxearen aurrean.
Soldata arrakala
Lan hitzarmen berriaren negoziazioak eraman ditu udal garbitzaileak mobilizatzera. Besteak beste, kale garbitzaileekiko duten soldata arrakala salatu dute langileek.