Mikromezuen XIV. Lehiaketan parte hartzeko epea bukatzear da
Bihar itxiko da parte hartzeko epea. Aurten, "Nola aldatuko zenuke mundua zure kontsumoa bidez?" galderari erantzun beharko diote ikasleek.

Martxoaren 15a Kontsumitzaileen Eskubideen Eguna da. Horren harira, Irungo Udalaren Kontsumo Arloak Mikromezuen Lehiaketa antolatu du, hamalaugarrenez. Lehiaketaren funtsa galdera bati gehienez ere 400 karaktereko mezu laburrean erantzutea da, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Hala, aurten erantzun beharreko galderak kontsumoarekin du zerikusia: “Nola aldatuko zenuke mundua zure kontsumoaren bidez?”. Bihar, larunbata, itxiko da aurtengo edizioan parte hartzeko epea.
Egitasmoa Lehen Hezkuntzako bosgarren maila eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren maila arteko ikasleei dago zuzendua, epaimahaiak jasoko dituen mikromezu argienak sarituko dituelarik. Alde batetik, LHko bosgarren eta seigarren eta DBHko lehen mailako ikasleek smartwatch bat jasotzeko aukera izango dute. Bestetik, ordea, DBHko bigarren, hirugarren eta laugarren mailako ikasleen artean ordenagailu mugikor bat banatuko da.
Antolatzaileek 688 756 254 telefonoa jarri dute eskura, mikromezuak Whatsapp bidez helarazteko.