Martxoaren 8aren inguruko hausnarketa elkarbanatu du EH Bilduk
Koalizioko kideek zaintza lanen garrantzia azpimarratu dute, eta Irungo zein Hondarribiko udalei zenbait neurri hartzea eskatu diete.
Emakumeen Nazioarteko Egunaren, martxoaren 8aren, harira hausnarketa elkarbanatu du Behe Bidasoko EH Bilduk, ohar bidez. Koalizioaren aburuz, pandemiaren une latzenak igaro direla igarri daitekeen arren, zaintzaren inguruko hutsune nabarmenak geratu dira agerian. Hala, Euskal Herriko kolektibo feministek aurten hautatu duten leloa zaintzaren ingurukoa da. Izan ere, zaintza gizarteko eremu ezberdinak sostengatzeko ezinbesteko katea dela baieztatu dute EH Bilduko kideek: bai familia, bai etxe baita instituzio eta sare publikoetan ere.
Hori dela eta, EH Bilduren iritziz, udalak katebegi garrantzitsua direla uste dute, eta eskaera zehatzak egin nahi izan diete Irun zein Hondarribikoei. Behe Bidasoan zaintza lanetan zein emakume eta gizonen arteko parekidetasunean aurrera egiteko oztopo da Alardea. Gainera, haien ustez Alarderik egon ez den pandemiako azken bi urtetan ere egoera hau aldatzeko eta konpontzeko pausorik ez da eman.
Ondorioz, arazoari bizkarra emateari uzteko garaia dela iritzi diotenez, udalok M8aren harira onartu duten adierazpenean puntu hauek txertatzea galdegin dute: alde batetik, jaietan egiten den espazio publikoaren erabilera berdintasunaren printzipioetan oinarritzeko bidean lan egiteko konpromisoa erakustea; bestetik, Hondarribian Berdintasun Saila sortu eta berdintasun teknikari talde osoa kontratatzea; eta bukatzeko, Irunen onartutako Berdintasunaren V. Planean Alardearen gaia txertatzea, jaietan emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunean aurrerapausoak emateko.