[Erreportajea] "Ez dugu ibaiari bizkarra ematen bizi nahi"
Behobia Bizirik plataforma sortu du auzotar talde batek. Besteak beste, Lastaola Postetxea izeneko partzela babestu nahi dute, bertan aurreikusitako etxebizitza proiektuaren kontra. Auzoari kolore berdea eman nahi diote.
Auzoaren egungo egoerarekin eta bereziki datozen urteetan bertako bizilagunek jasan dezaketen horrekin kezkati, hainbat herritarrek plataforma bat sortu dute Behobia auzoan, Behobia Bizirik. Eskaera eta aldarrikapen ugarirekin hasi dute bide berria, baina bereziki kezka nagusi batek elkartu ditu: Lastaola Postetxea eremuaren etorkizuna.
Bertan hainbat etxebizitza eraikitzeko asmoa du udalak, eta proiektuaren kontra agertu dira bizilagun asko.”Duela 20 urte auzoa ia berdin-berdin zegoen, ez dute ia ezer konpondu, eta orain naturaren kontra doan proiektu batekin datoz”, dio haserre taldeko kide Itxaso Gaztañagak. Hori gutxi balitz, bizilagunek ez dutela inolako informaziorik jaso salatu du taldeak. “Planteatzen ari diren proiektua antzinako eredu batekoa dela uste dugu, ez du hiriaren eta naturaren arteko harreman hori zaintzen, eta bizkarra ematen dio proiektuak ibaiari”.
Eremuak duen balio historiko, kultural, ekologiko, paisajistiko eta soziala nabarmendu du irundarrak, eta beraz, “ai ala bai babestu beharreko eremua” dela defendatu du.
Gainera, datozen hamarkadetan etor daitekeen agertokiarekin oso kezkati agertu dira herri plataformako kideak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak iaz aurkeztutako itsasertzeko lurralde plan sektorial horren arabera, datozen hamarkadetan ibaiak gainezka egin dezake (2100. urterako ia 80 zentimetroko igoera egon daiteke), itsas mailaren igoeraren eraginez. Agertoki ilun horretan, Zumaia eta Zarautzekin batera, Irun eta Hondarribia dira uholdeak jasateko arrisku handiena duten Gipuzkoako udalerriak, hori ohartarazi du taldeak. “Auzoa guztiz urpean gera daitekeen eremua da, eta auzo guztia bezalaxe, etxebizitza berri horietan biziko diren etorkizuneko auzotarrek kalte larriak jasan ditzakete”, erantsi du. Lastaola Postetxeko partzela, gainera, “ura xurgatzeko sistema naturala” dela gaineratu du Gaztañagak.
Alternatiba ugari aztertzen ari dira taldeko kideak, eta dagoeneko udaleko talde “gehienen oniritzia” jaso dutela diote. Bertatik Santiagoko bidea pasatzen denez, erromesentzako begiratoki bat egitea da taldeak egindako proposamenetako bat, baina ez bakarra. Datozen asteetan horien berri emango dute.
Behar asko
Partzelaren etorkizuna ez da taldekoak kezkatzen dituen bakarra. Gaztañagaren arabera, orokorrean auzoak “eskasia ugari” ditu. Besteak beste, Dario Regoyos kaleko egoera salatu nahi izan du. Izan ere, postetxeko partzelaren ondoan dagoen kale hori “berdegunerik ez duen eremua” dela salatu dute taldekoek. “Gainera, mugikortasun murritza duten pertsonek ezin dute inora joan, eta daukaten aukera bakarra da espaloietan dauden bankuetan esertzea, ibaiari bizkarra ematen”. Hala, 58 eta 60 zenbakien parean berdegune txiki bat egiteko aukera dagoela aztertu dute jada, “berdegune txiki eta erabilgarri bat egiteko aukera ematen duen kaleko azken leku bakarra” dela diote.
Borrokari tinko eusteko asmoa du taldeak, hori argi utzi du Gaztañagak, “proiektua gelditu eta auzoa naturarekiko errespetagarria izan arte”.