Murrizketarik gabeko Hondarribiko XXII Traineru Jaitsiera, larunbatean
Orotara 39 traineruk parte hartuko dute. Irteera hondartzan izango da, eta itsaso aldera joango dira ontziak bi luze eginez.
2021eko Hondarribiko Bandera, Ama Guadalupekoak irabazi zuen. Hondarribiko hondartzaren parean egingo da beste behin Hondarribiko XXII Traineru Jaitsiera, larunbat honetan (hilak 5). Emakumeen, gizonen eta beteranoen kategorietako traineruek parte hartuko dute. Erlojuaren kontrako modalitatean egingo dute arraunean ontziek.
Udan egiten den Hondarribiko bandera abiatzen leku beretik hasiko da, hondartzatik alegia. Baina oraingo kasuan, estropada bi luzetara egingo da. Hau da, bi luzeko estropada izango da, ziaboga bakarrekoa.
Kategoriaren arabera distantziak desberdinak izango dira: emakumeek eta beteranoek bide laburragoa egingo dute, alegia, ibilbidearen heren bat gizonezkoenarekin alderatuta. Aurten, azken urte hauetan ez bezala, hondartzako murrutik ikusi ahalko da berriz ere lehiaketa.
Osotara, 39 traineru ariko dira lehian; 7 beterano, 10 emakume traineru eta 22 gizon ontzi. Horien artean, TKEko zazpi elkarteren taldeak egongo dira: Getaria, Orio, Donostiarra, Hondarribia, Zierbena, Ondarroa eta Isuntza. Euskotren Ligakoak ere bertan izango dira: Orio, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Tolosaldea, baita ETEko traineruak ere.
Minutu bateko tartearekin egingo dira irteerak, eta beterano kategoriako Endaika izango da lehena itsasoratzen, 16:00etan.

