Irungo eta inguruko musika, tabernetan
Sei kontzertu akustiko egingo dituzte 0KM zirkuituaren barruan, hiriko zenbait tabernatan, martxoa eta apirila artean.
0km zirkuitua 0Km musika zirkuitua egingo dute Irungo tabernetan datozen asteetan, martxoa eta apirila artean. Guztira, sei kontzertu emango dituzte, eta oholtzara igoko diren taldeak, zirkuituaren izenak iragarri bezala, Irun eta inguruko musika taldeak izango dira.
Jarduera horren bidez bai bertako taldeei baita tabernei ere bultzada ematea da Irungo Udalaren helburua, “pandemiak gogor jo ditu biak ala biak” gogorarazi du Juncal Eizagirre Kultura zinegotziak. “Irun Aurrera planaren barruan urratsak egin ditugu helburu hori lortzeko, eta, kulturaren arloan,
nabarmentzekoa da 0 KM-ko Kultura programa”, gaineratu du.
Santalla, Peiote, Cliche edo Oh Soul! Irungo taldeak dira, eta gainontzekoak ingurukoak edo Irunekin harremana dutenak. Askotariko estiloak lantzen dituzte. Kontzertu guztiak doan dira, eta denak 20:00etan hasiko dira.
Egitaraua
- Hilak 3: Oihan (The Silver Whale).
- Hilak 10: Cliché (Bidassoa Basque Brewery).
- Hilak 24: Peiote de Lanzarote (Imasde).
- Hilak 31: Oh Soul (Cafe Irun).
- Apirilak 7: Iker Piris Trio (Oiasso Museoko taberna).
- Apirilak 21: Santalla (Disco, Real Unión eta Don Jabugo tabernen terrazak).

