Hil amaierara bitarte luzatuko dute martxoaren 8ko egitaraua
Astearteko elkarretaratzeaz gain, hainbat ekitaldi antolatu ditu udalak hiriko emakume elkarte eta talde feministekin elkarlanean.
Hiriko emakume elkarteekin eta talde feministekin batera martxoaren 8ko egitaraua antolatu du Irungo Udalak beste urte batez. Hilaren 31ra bitarte luzatuko dute aurtengo egitarau, denetik prestatu dute. Hilaren 8an (asteartea da) ohiko elkarretaratze egingo dute San Juan plazan, Egunero izan beharko luke M8 lemapean. 12:00etan elkartuko dira.
“Luxu handia iruditzen zait programa hau aurkeztea, oso zeharkakoa baita eta Kulturako, Gizarte Ongizateko eta Berdintasuneko arloen proposamenez gain hiriko elkarte feministen proposamenak biltzen baititu. Gainera, aurten, Martxoaren 8ko Asanbladak antolatutako jarduerak sartu ditugu egitarauan”, esan du Berdintasun saileko ordezkari Miren Etxebestek.
Hogei bat hitzordu ditu aurtengo programak, gaur bertan emango diote hasiera. Ondorengoa da programa, osorik:
- Hilak 2 (asteazkena): Nork bere burua zaintzeko izeneko mindfullness tailerra, Amaia Urietarekin, 19:00etan, Kale Nagusiko 11. zenbakian (Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde Elkarteak antolatuta).
- Hilak 3 (osteguna): ¡Ay mama! Mamama hausnarketa ironikoa eskainiko du Urkiri Salaberriarekin, 18:00etan, Palmera Monteron (Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde Elkarteak antolatuta).
- Hilak 4 (ostiralean): Oiasso emakumeak izeneko bakarrizketa, Olatz Beobide, Aia Kruse eta Naiara Arnedorekin, 19:00etan, Oiasso museoan (udalak antolatuta).
- Hilak 5 (larunbata): Incorrectas taldearen kontzertua, 19:00etan, Amaia KZn. Sarrerak 8 euroan eskura daitezke (udalak antolatuta).
- Hilak 8 (asteartea): 11:00etan, San Juan plazan mezuak uztera deitu dute; 12:00etan elkarretaratzea egingo dute San Juan plazan; 17:00etan manifestazioa abiatuko da Zubimuxuko biribilgunetik; 19:00etan, Sex o no sex Virginia Imazen antzerkia, CBAn.
- Hilak 10 (osteguna): 18:00etan, Autozaintza eta ahalduntzea osoko arretaren bidez izeneko hitzaldi-tailerra, Flor Savantirekin (Bidasoaldeko Elkarte Feministak antolatuta); 19:00etan, Asun Casasola ipuin lehiaketaren VII. edizioko sari banaketa (Parean elkarteak antolatuta).
- Hilak 11 (ostirala): 10:00-20:00 bitarte ateak zabaltzeko jardunaldia egingo dute Foruen kalean (Bidasoaldeko Elkarte Feministak antolatuta); 17:00etan, Emakumeen arteko ahizpatasun bidaia Maria Jose Noainekin; 17:00etan, bisita gidatua Gordailura; 18:30ean, hitzaldi mahai ingurua (Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde Elkarteak antolatuta).
- Hilak 12 (larunbata): 17:30ean, hitzaldia Helena Gilekin, Martindozenea Gaztelekuan.
- Hilak 19 (larunbata): Man up izeneko antzerkia, 19:00etan. Sarrerak 10 eta 15 euroan eskura daitezke.
- Hilak 23 (asteazkena): Mahai ingurua egingo dute 19:00etan, Yurre Ugarte, Oihana Etxebarrieta, Leire Ibarguren, Iratxe Retolaza eta Danele Sarriugarterekin. CBAk jasoko du.
- Hilak 25 (ostirala): Yo vieja izeneko elkarrizketak, 19:009etan, CBAn.
- Hilaren 4tik 18ra: Adinekoen espazioetan, 16:00etan, film bat proiektatuko dute.
- Hilaren 4tik apirilaren 23ra bitarte: Ainara Azpiazuren Zabal zabalik erakusketa ikus daiteke Martindozenean.
- Hilaren 7tik 11ra: Udal haurtxokoan mural bat margotuko dute.
- Hilaren 11tik 31ra: Emaduman erakusketa bisitatu daiteke CBAn.