Ukrainara materiala bidaltzen hasi da udala
Mantentze lanetako udal brigadaren eta Udaltzaingoaren jantzi zaharrak bidali dituzte jada. Asteartean bigarren lote bat bidaltzea aurreikusi dute.
Irungo Udalak Ukrainiako herritarrek jaso dezaten arropa bidalketa hasi du aste honetan. Udalak eskaera ugari jaso ditu azken egunetan, bereziki Ukrainia eta Euskadiren arteko Garapenerako Lankidetzako Elkarte Soziokulturalaren eskutik. Hala, udaleko Erosketa eta Ekipamendu zerbitzua martxan jarri da.
Astelehenean entregatu zuten lehen lotea. Horretan, mantentze lanetako udal brigadaren eta Udaltzaingoaren azken hilabeteetako jantzi zaharrak sartu zituzten, baita oinetakoak ere.
Datorren asteartean aldiz, bigarren lotea bidaliko dute, udal brigadako langileak hotzetik babesteko jantziekin. Horrez gain, COVID-19a prebenitzeko materiala ere bidaliko du udalak.