Sortu: "Sententzia honekin argi geratu da tortura ez dela iraganeko kontua"
Sortuk "oso larritzat" jo du Iratxe Sorzabal euskal preso irundarrak jasotako 24 urteko kartzela zigorra. Torturaren egia argitara ateratzeko premiaz aritu dira, "horrelako sententzia bidegabeak berriro eman ez daitezen".
Irungo Sortu haserre agertu da Iratxe Sorzabal euskal preso irundarrak jasotako 24 urteko kartzela zigorrarekin. “Oso larritzat” jo dute sententzia hori jaso izana, eta honekin esan dute argi geratu dela “tortura ez dela iraganeko kontua”.
Tortura kasu guztiak gogoratu dituzte (5.657 orotara Euskal Herrian), tartean Irungo 71k. “Tortura hauen ondoriozko autoinkulpazioetan oinarrituta, askok jaso dituzte espainiar estatuko mendeku politikaren erakusgarri diren sententzia bidegabeak. Inongo arduradun politikok edo epailerik ere, ez du inolako zintzotasun ariketarik egin. Inork ez du eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman. Inor ez da jardun torturan oinarritutako sententzia bidegabeak berriro eman ez daitezen.”, esan dute amorruz.
Sorzabalek jasotako sententziak agerian utzi du “tortura zuritu egiten dela”, hori ere salatu dute, eta arduradun politikoek zein tortura praktikara eramaten duten poliziek “inpunitate osoa” dutela.
Azkenik, torturaren egia argitara ateratzeko premiaz aritu dira, “horrelako sententzia bidegabeak berriro eman ez daitezen”. Tortura jasan dutenek aitortza eta erreparazioa behar dutela diote, eta ez errepikatzeko bermeak eskatu dituzte, “herri honek bake eta askatasun agertoki berri baterantz aurrera egiteko”.