6,8 milioi euroko inbertsioa egingo du udalak Anakako etxeen berrurbanizaziorako
Aurten ekingo diote proiektuaren lehen faseari. Oro har, galtzada eta espaloia maila berean utziko dituen plataforma bakarra egingo dute, koloreka bereiziz. Auzotarrentzat "eremu atseginagoak" sortu nahi dituzte.
Anakako etxeen berrurbanizazioaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte gaur. Horrez gain, herritarrekin batera diseinatzeko landutako parte hartze prozesuaren ondorioen berri ere eman du udalak.
Pandemiaren ondorioz, bestelako proiektuen artean, Anakakoa ere gelditu behar izan dutela azaldu du lehenik Cristina Laborda ordezkariak. “COVID 19agatik izan ez balitz, lehenago ekingo genion jarduketa honi, eta horren froga da dagoeneko 2020an abian jarri zela parte hartzeko prozesua. Orain, proiektu horiei guztiei heldu behar diegu berriro, nahiz eta ez diren bukatuko guk nahi genuen garaian, baina Irungo bizilagunekin ditugun konpromisoak dira, eta bete egin nahi ditugu”, esan du gaur.
Joan den ostegunean berrekin zioten proiektuari, Anakako bizilagunekin bilera irekia egin baitzuten. Horretan, proiektua gogorarazteaz gainera (2020 hasieran aurkeztu zieten auzotarrei), iaz egindako parte hartze prozesuan ateratako gaien berri ere eman zuten. Guztira, 62 ekarpen aurkeztu dituzte auzotarrek, eta honako gaiak nagusitu dira: espaloietan eta bideetan behar adinako desnibela egitea (ura sartu ez dadin), aireko kableak kentzea eta zuhaitzei eta trafikoa baretzea.
Lehen fasea
Aurten ekingo diote proiektuaren lehen faseari. Oro har, galtzada eta espaloia maila berean utziko dituen plataforma bakarra egingo dute, koloreka bereiziz. Auzotarrentzat “eremu atseginagoak” sortu nahi dituzte, “espaloi zabalagoak eginez eta zuhaitz guztiak ordetuz, gaur egun hondatuta daude eta”. Horri lotuta, azpiegiturak berrituko dituzte, eta aireko lineak lurperatuko dituzte, baita argiztapen berria instalatu ere.
Bestalde, Florencio Iracheta plazako biribilgunea egonleku bilakatu nahi dutela jakinarazi dute gaurkoan. “Jarduketa integral bat planteatzen da, auzoko guztientzat eremu atseginagoak sortuz. Garrantzitsua da azpimarratzea, azalera handian jardun behar baita, luze joango direla obrak eta beraz faseka planteatuko dela, irisgarritasun handiagoa lortzeko neurriak gauzatuz, hornidura-, elektrizitate- eta telefonia-sare guztiak berrituz eta zuhaitzak eta argiteria ordeztuz. Hori guztia, auzoa eta zehazki inguru hau definitu duten ezaugarri historikoak ahaztu gabe. Emaitza ona izatea espero dugu, eta lagunduko duela Irun hiri atseginagoa izaten, Anakako etxeetako bizilagunek bizi-kalitatea hobetuko baitute”, erantsi du Labordak.
Proiekturako 6,8 milioi euroko aurrekontua du udalak, eta orotara, 20.000 metro koadroko eremua hartuko du.