Bidean hildako migratzaileen aberriratzea "arintzeko eta ordaintzeko" ebazpen bat adostu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek
Elkarrekin Podemos-IU taldeak bultzatu du ebazpena. Aberriratze horiek bideratzeko diru laguntza lerro bat sortzeko eskatu zuen taldeak, "bai iragaitzan daudenentzat, baita ere lurraldean bizi baldintza duinik gabe bizitzen denbora dezente daramatenentzat".

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako ebazpen bat adostu berri dute. Honetan “Euskadin hiltzen diren iragaitzazko migratzaileen aberriratzeen kostua arindu dezaten eta bere gain har dezaten” eskatu zien taldeak Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta udalei. Bada, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Batzordean eztabaidatu ondoren, ebazpen proposamen hori onartu berri dute, taldearen, EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren artean egindako zuzenketa bat onartuta.
Aurkeztutako ebazpen proposamenean erakunde guztien inplikazioa eskatu zuen koalizioak. Jatorrizko proposamen hartan aberriratze horiek bideratzeko diru laguntza lerro bat sortzeko eskatu zuten, “bai iragaitzan daudenentzat, baita ere lurraldean bizi baldintza duinik gabe bizitzen denbora dezente daramatenentzat”.
Adostutako ebazpen honen arabera, inplikatutako erakundeek “migratzaileen aberriratzea arintzeko harreman egonkorrak ahalbidetzera eta mantentzeko” konpromisoa hartu dute, “baita horien kostua administrazio eskudunak bere gain hartzekoa ere”.
Yaya Karamoko migratzailearen heriotza ekarri dute gogora. “Bi hilabete eman zituen Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundean, Burgosko hilerri musulmanean ehortzi zuten arte, eta elkarteak mobilizatu ondoren, beharrezko dirua ahalik eta azkarren lortzeko. Helburua da egoera horiek komunitateari eta hildakoaren senideei eragiten dieten dolua eta sufrimendua saihestea”.