24 urteko espetxe zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabali
Bi zigor ezarri dizkiote, 1996an Gijonen ETAk egindako atentatu bat egotzita. Auzitegiak aldiz, talde terrorista bateko kide izatearen delituaz absolbitu egin du irundarra.
BERRIAk jakinarazi berri duenez, 24 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote Iratxe Sorzabal euskal preso irundarrari, 1996an Gijonen (Espainia) ETAren izenean atentatu batean parte hartzea leporatuta.
Bi zigor ezarri dizkio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Batetik, hamazazpi urteko zigor bat, hondamen terroristagatik (Gijongo Auzitegiaren kontra egindako atentatua leporatu diote), eta bestetik, zazpi urte eta sei hilabeteko beste bat, farmazia baten aurka egiten saiatzeagatik, kalterik eragin ez arren.
Bi zigor horiek ezarri arren, talde terrorista bateko kide izatearen delituaz absolbitu egin dute, fiskalak, Espainiako Abokatutzak eta AVT elkarteak akusazio hori erretiratu dute.
Hil hasieran egindako epaiketan Sorzabalek jasandako torturak zehaztu zituen, bere burua salatzera eraman zituen horiek hain zuzen. Auzitegiak dio ez dela benetan frogatu tortura horiek errealak izan zirenik, beraz, zentzu horretan ez dute ikerketarik abiatzeko eskatu.