Pauso Berriak programarekin kolaboratu du berriro udalak
Atzegi eta Gureak erakundeek bultzatutako programa honen bitartez, aniztasun funtzionala duen langile bat kontratatu dute. Urtarrilaren 17an hasi zen lanean Pablo Altuna.
Atzegi eta Gureak erakundeek bultzatutako Pauso Berriak programarekin kolaboratu berri du udalak beste behin, udaletxean aniztasun funtzionala duen irundar bati lan egiteko aukera eskainiz. Urtarrilaren 17an hasi zen Pablo Altuna, bulegoko laguntzaile lanetan.
Zehazki, Erosketa eta Erregistroko sailetan egiten du lan Altunak. Gutunak jaso eta banatu, COVID-19ari aurre egiteko materialen eskariak prestatu, osoko bilkurak zuzenean emateko ikus-entzunezkoak kontrolatu, dokumentuak suntsitu, uniformeak banatu… Askotariko lanak egiten ditu langile berriak.
Udalaren arabera, programak “desgaitasun intelektuala duten pertsonen laneratzea eta gizarteratzea ikustaraztea eta erraztea” du helburu. Azken hamar urteetan 300dik gora lagun kontratatu dituzte Gipuzkoako hainbat udaletxetan.
“Aukera-berdintasunaren aldeko apustua egin nahi dugu udalean, eta guztien laneratzearen alde aritu nahi dugu. Horregatik, Pauso Berriak programa oso interesgarria, eta ez dugu ahaztu behar programa horretara atxiki ziren lehenengo udalen artean gaudela. Sektore publikoa eredugarria izan behar da, eta garrantzitsua da horrelako ekimenak sustatzea. Gainera, zinez pozgarria da pertsona hauek lanean erakusten duten ilusioa eta esfortzua ikustea. Guztiok ikasten dugu horrelako esperientzietatik”, esan du Cristina Laborda ordezkariak.