[Bideoa eta galeria] Osasun eskubidea bertan bermatzearen alde
Osasun Bidasoa plataformak gaur arratsalderako deitutako manifestazioarekin milaka herritarrek bat egin dute.
Osasun Bidasoa plataformak ez du ulertzen nola hainbesteko adostasuna lortu duen kezka bat, jada ez den bideratzen kezka izateari uzteko. Ezinegon hori erreala dela adierazteko, milaka izan dira gaur arratsaldean plataformak Irunen deitu duen manifestazio isilarekin bat egin duten herritarrak, Irungoak, Hondarribikoak eta Bortzirietakoak. Kezka honakoa da: “Bidasoko ospitalean kalitatezko arreta kirurgikoa berma dadila, gaur egungo osasun beharrei erantzuteko premiazkoak diren ebakuntza gela zabalagoak eta modernoagoak eraikitzen diren bitartean”. Horretarako beharrezkotzat dute planteatuta dagoen bloke kirurgikoaren berritze egitasmoa geldiaraztea, horren gaineko gogoeta konpartitua egiteko: “Errespetua eskatzen dugu. Gure osasunaren alde handitu, berritu eta hobetu. Osasun Bidasoak ez du onartuko atzerakorik ez duen eszenatoki batera joatea”.
Osasun Sailaren asmoa da Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzea. Lan horiek egiten diren bitartean, baina, arlo horretatik arreta behar duten bidasoarrek Donostiako ospitaleetara —Onkologikoa barne; bertako langileek bat egin dute Osasun Bidasoaren eskaerekin— joan beharko lukete arta jasotzera. Horren kontra daude Osasun Bidasoa osatzen duten eragileak: ospitaleko langileek, eta Irun, Hondarribia nahiz Bortzirietako hainbat eragilek osatzen dute plataforma. Aldi berean, lantaldearen iritziarekin bat datoz Irungo eta Hondarribiko alderdi politiko eta sindikatu gehienak, eta Irungo Udalak, adibidez, bat egin du plataformaren eskaerekin nahiz gaurko manifestazioarekin. Beraz, eskaera zehatza egin dute: bloke kirurgikoa modernizatzeko beharra dago, baina lan horiek egin bitartean, Bidasoan bertan behin-behineko alternatibak aztertu behar dira pazienteak Donostiara bidal ez daitezen, gaixoei zein haien senideei (eta langileei) eragingo lieketen eragozpen guztiekin.
Gaurko indar erakustaldiarekin, aldi berean, arazoan era bateko inplikazioa duten eragileen arteko lan mahaia osatzea eskatu dute, arazoaren zati eta aldi berean soluzio izan daitezkeenen arteko elkarrizketa markoa sortzea, alegia, “bertan azter daitezen ospitalearen etorkizuneko behar tekniko eta sanitarioei buruzko proposamenak, eta obrak egiten diren bitartean, ez egiteko beharrezkoak ez diren eta pazienteei nahasmendu larriak eragingo lizkieketen lekualdaketak”.
Osasun Sailetik, haiekin harremanetan jarri arren, erantzunik ez dute plataformakoek. “Zein da herritarren parte hartze eredua? Gure eskualderi dagokionez behintzat, ‘irents ezazue hau’ da adierazten dutena”. Alta, Bidasokoan ez, baina Zumarragako, Arrasateko edo Mendaroko ospitaleetan profesionalen eta herritarren iritziak kontuan hartu dituztela esan dute plataformako kideek, “bigarren mailako herritarrak al gara”, esan dute gaurko manifestaldian.
Mobilizazioaren ondoren, plataformako kideek espero dute Osasun Sailak hartu dituen erabakietan atzera egin, eta parte hartzean eta Bidasoko eragileen ekarpenekin osatuko den prozesua zabaltzea.