Baratze komunitarioa, ingurumenari so eginez
Botika agroaldean dute lursaila Sorburu baratzeko kideek, eta agroekologia aplikatuz lantzen dute lurra. Proiektua handitzeko bidean dabiltza, eta bazkidetza kanpaina abiatu dute.
Sorburu baratze kooperatiboa 2021eko urte hasieran sortu zuten, eta BDS Koopen barruan dagoen proiektu bat da. Izan ere, taldekideek haien burua ekonomia eraldatzailearen parte ikusten dutela esan du proiektuaren kide Aritz Lekuonak: «Garrantzitsuagoa da zer kontsumitzen duzun, ematen duzun botoa baino. Egin daitekeen gauza da zuk zure elikagaiak sortzea».
Beraz, ideia horretatik abiatu ziren, eta Zimizarga auzoko udalaren Botika agroaldean dute lursaila. Egun, hogei
bazkidek osatzen dute taldea eta guztira 3.000 metro koadro dituen eremua da lantzen dutena.
Agroekologiari jarraituz aplikatzen dituzte teknika guztiak, hau da, ingurumenari so eginez erabakitzen dute zein prozesu abiatu. Teknika asko biltzen ditu agroekologiak, eta horietako batzuetaz mintzatu da Lekuona, esate baterako, lurrari buelta ez emateaz: «Uste dugu lan hori hoberen egiten dutenak zizareak direla».
Ongarria, inguruko baserrietako si- maurra da batez ere, baina baita Gipuz- koan hondakinak atez ate biltzeko siste- ma duten herrietako konposta ere, Bergarakoa adibidez, «urtero kamioi batzuk etortzen dira handik».
Kooperatiba denez, funtzionamendua bazkidetzen bitartez kudeatzen da. Era horretan, bazkide guztiek hilabeteroko kuota bat ordaintzen dute. Hainbat kuota ezberdin daude: baratzean urtean zenbat eta ordu gehiago lan egiteko prest egon, gutxitu egiten da ordaindu beharrekoa. Horrela, urtean hamar, zazpi edo lau txanda egiteko aukera dago, baita txandarik ez egitearena ere. Azken horiek kuota altuena dute. Biltzen duten dirua langile bat kontratatzeko da.
Indartu nahi dute
Orain, bazkide gehiago lortzeko kanpainan sartuta daude bete-betean. Helburuen artean 30 pertsonako familia bat osatzea dago, baina, oro har, proiektua sendotu nahi dute. Era berean, haienaren antzeko proiektuak beste txoko batzuetan ere egin daitezkeela adierazi dute. «Baserritarrena izan da askotan lan hau, baina ikusten dugu gaur egun geroz eta garrantzi gehiago duela kaletarrek egitea agroekologia». Bazkidetza egiteko telefono zenbakia: 607 35 63 81.