Aldundiak "irmoki" salatu du ostiralean Hondarribian izandako sexu erasoa
Arratsaldeko elkarretaratzean Foru Aldundiko Eider Mendoza ordezkaria bertan izango dela jakinarazi dute, eta herritarrak emakumeen aurkako indarkeri kasuen aurrean "gaitzespena eta konpromisoa" adieraztera bultzatu ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdinasuneko zuzendaria Miren Elgarrestak “irmoki” gaitzetsi du Hondarribian etxe batean emakume batek joan den ostiralean jasandako sexu erasoa. Bere “sumindura sakona” adierazi du eta delitu horregatik “elkartasuna eta babes osoa” helarazi die erasoa jasan duen emakumeari eta bere senitarteko eta gertukoei.
Hondarribiko Udalak emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko aldundiaren protokolo instituzionala jarraitu duela azaldu du, eta egindako adierazpenekin ados daudela dio Elgarrestak. “Gipuzkoar herritarrok ez dugu emakumeen duintasunaren, integritate fisikoaren eta sexu askatasunaren aurkako inolako jarrerarik onartzen. Eskubide urra ezinak dira; horien aurka egitea gizarte osoaren aurka egitea da”, salatu du Elgarrestak.
“Gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarria” nabarmendu du Berdintasuneko foru zuzendariak, oroitarazi duenez indarkeria sexistaren jatorrian “gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta” dagoelako. Gabezi honen oinarrian emakumeak kontrolpean mantendu nahi dituzten egiturazko jarrera eta ideia matxistak daudela azaldu du.
Eraso eta jarrera matxistek ez dutela lekurik gizartean esan du, eta eraso sexistarik gabeko kale, auzo eta herriak aldarrikatu ditu “indar guztiz”. Era berean, emakumeen kontrako bortizkeriaren aurrean “gaitzespena eta konpromisoa” adieraztera dei egin die herritarrei. Horregatik, gaur arratsaldean Hondarribian izango den elkarretaratzean egongo dela Eider Mendoza, aldundiko foru bozeramailea jakinarazi du.