LABek bat egin du Osasun Bidasoaren manifestazioarekin
"Gardentasuna eta kirurgia zerbitzu guztiak Bidasoa ESIn mantentzea" aldarrikatuko du sindikatuak larunbateko manifestazioan. 18:00etan abiatuko dira San Juan plazatik.
LAB sindikatua larunbaterako (hilak 19) Osasun Bidasoa herri plataformak deitutako manifestazioan izango da, “gardentasuna eta kirurgia zerbitzu guztiak Bidasoa ESIn mantentzea aldarrikatzeko”.
Osakidetza kirurgia blokea berritzeko prozesua “modu opakuan” eraman duela salatu dute lehenik, eta bertako langileei, haien ordezkariei eta gizarteari oro har informazioa ezkutatzea leporatu diote. Aurretik ez dela inongo negoziaziorik egon erantsi dute amorruz, eta soilik hartutako erabakiak jakinaraztera mugatu direla.
“Osasun publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak modernizatzeko eragozpenik ez badugu ere, kasu honetan, kezkagarria iruditzen zaigu Anatomia Patologikoko Zerbitzua Donostia Ospitalera eramatea, Bidasoako Ospitalera itzultzeko bermerik gabe. Horrek
prozesu kirurgikoak nabarmen mugatzea ekarriko luke, eta, ondorioz, eskualdean asistentzia-kalitatea galtzea eta baliabide publikoak xahutzea. Salatu behar dugu zerbitzu hau berez gainezka dagoela eta bertako langileek lan-karga jasanezinak jasaten
dituztela”, esan dute hedabideei bidalitako ohar batean.
Sindikatuko kideek diote orain arte erantzunik izan ez duten galdera ugari dituztela. “Zer gertatuko da ebakuntza barruko patologia-analisiekin? Jada ez dira egingo? Edo agian, zentroan Anatomia Patologikoko zerbitzurik ez dagoenez eta ebakuntza mota asko mugatzen denez, galdera izan behar da Bidasoako ESIn zer interbentzio kirurgiko mota geratuko diren?”, galderak helarazi dizkiote Osakidetzari.
Larunbateko manifestazioa 18:00etan abiatuko da San Juan plazatik, Gure osasunaren alde lemapean.