2021eko Gabonak, "oso positiboak"
Balantzea egin berri dute udalak, merkatariek eta ostalariek. Kanpaina "historikoa" dela esan du udalak, erosketez gain, kaleak "inoiz baino biziagoak" egon direlako.
Irungo Udalak 2021eko Gabonen balantzea egin berri du. Oro har kanpaina “oso positiboa” izan dela ondorioztatu dute, “jakinda erronka handia geneukala aurrean”. Kanpaina “historikoa” egin zutela erantsi du Junkal Eizagirre ordezkariak, “Gabon hauek jai ahaztezinak izan zitezen”.
“Helburua Gabon berezi batzuk bizitzea zen eta, gertatu dena ikusita, are bereziagoak izan direla esan dezakegu. Hiriko sektore askorentzat, urteko sasoi garrantzitsuenetako bat da, eta guk ahalegin guztiak egin ditugu kanpaina historikoa izan zedin”, esan du ordezkariak.
Kaleak “inoiz baino biziagoak” egon direla erantsi du Eizagirrek, antolatutako hamaika egitasmoei esker.
Merkatarien izenean, Denok Bat ostalarien elkarteko Eneko Mitxelenak hartu du hitza. Balorazio ona egin dute merkatariek. Bidashop merkatari elkartea ere pozik agertu da kanpainarekin, eta eskerrak eman dizkio udalari, “gure artean elkarrekin horrelako ekimenak lantzeko dugun giro onagatik”.
Zenbait datu eman dituzte: txirrista erraldoia 618 lagunek erabili dute; Gabonetako herrixkako karpan 400 bat familiak parte hartu dute; Gabonetako azoka “inoiz baino handiagoa” izan da, hiriko 19 dendak, ostalaritzako bi establezimenduk eta bertako Eskuzlan elkarteko 10 artisauk eskaini dituzte haien produktuak.