Ahalduntze eskola zabalduko dute
Hilaren 23tik martxoaren 11ra egongo da izen ematea irekita, eta lau ikastero eskainiko dituzte 80 plazarekin.
Martxoaren 8aren testuinguruan berriro martxan jarriko du udalak ahalduntze eskola. Otsailaren 23tik martxoaren 11ra arte egongo da zabalik izena emateko epea, eta lau ikastarotan parte hartzeko aukera izango da. 80 plaza irekiko dituzte. Ikastaro guztiak doan izango dira, eta denak Palmera Montero gunean emango dituzte.
Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariaren esanetan, geroz eta beharrezkoa da herritarren berdintasun gaietan aurrera egitea, eta, ildo horretatik beharrezkoa dela iritzi dio emakumeek “beren burua hobeto ezagutu eta beren autoestimua garatzeko” guneak sortzea. Testuinguru horretan kokatu du ahalduntze eskola.
Honakoak izango dira lau ikastaroak: Autodefentsa, Jainkosaren esnatzea, Bizitza zikloak arakatuz (hilekoa), Bazen behin euskal matriarkatuaren mitoa. Autodefentsa tailerrean indarkeria matxistari aurre egiteko emakumeen gaitasuna landuko dute, teknika fisikoaz gain, baita tresna psikologikoak ere. Indarkeriaren aurpegi guztiak identifikatzen ikasiko dute ikasleek, eta bitartekoak emango dira horri aurre egiteko. Lau saio izango dira, maiatzaren 12tik ekainaren 2ra, ostegunetan, 17:00etatik 20:00etara.
Jainkosaren esnatzea-n, berriz, emakume guztiek barruan daramaten jainkosa esnatzen saiatuko dira. Tailer horretan gorputzeko gozamena, bizitzeko plazerra eta norbera izateko askatasuna bezalako kontzeptuak landuko dituzte. Hamar saio izango dira, martxoaren 15etik maiatzaren 31ra, asteartetan.
Hilekoaren zikloak arakatzen ere arituko dira. Hilekoaren zikloaren erregistroa elkarrekin eraman, eta Hilerokoaren zikloa ulertu eta bizi dugun testuinguruan kokatzen saiatuko dira baita fase ezberdinen ezaugarriak ikusi eta ziklikotasuna barneratzeko erregistroa egiteko baliabideak eman ere. Horrez gain, ekonomia feminista, menarkia, arketipoak eta fase bakoitzeko erronkak landuko dituzte. Hiru saio izango dira, apirilaren 8an, maiatzaren 6an eta ekainaren 3an, ostiraletan.
Azkenik, euskal matriarkatuaren mitoa zalantzan jarriko dute. Nahiz eta familiaren barruan botere handiko pertsona bezala aurkeztu, “ez al da apur bat susmagarria euskal gizartean etxekoandrea izenaz ere ezaguna den emakumearen boterea etxearekin oso lotuta egotea?”, galdegingo dute.