Irungo Udaleko emakumezko eta gizonezko garbitzaileen artean soldata arrakala dagoela salatu du ELAk
Emakumezkoek urtean 3.300 euro gutxiago kobratzen dutela salatu dute. Asteazkenean elkarretaratzea egingo dute San Juan plazan.
ELA sindikatuak salatu berri du Irungo Udaleko emakumezko eta gizonezko garbitzaileen artean “soldata arrakala” dagoela. Udaletxeko lokal eta eraikinetako garbitzaile gehienak emakumezkoak direla diote, eta kalean dabiltzanak aldiz, gizonezkoak. “Bi kolektibo hauen artean, % 15,07eko soldata arrakala dago, 3.300 euro gutxiago kobratzen dute emakumeek”, salatu dute.
Langileak Samyl enpresarekin biltzen ari direla dio sindikatuak, “baina inongo aurrera pausorik gabe soldata arrakalaren aferan. Izan ere, aurtengo zein aurreko urteetako KPI kontutan hartu gabe, arrakala handitu besterik ez litzake egingo. Kasu honetan, udaletxeak dauka gatazka hau konpontzeko eskumena”, erantsi dute.
Etzi (asteazkena da) udaletxeko kontratazio saila kudeatzen duen zinegotziarekin bilduko dira langileak. Bitartean, udaletxearen aurrean, elkarretaratzea egingo dute, “gure aldarrikapena azaldu eta sozializatzeko”. 11:15ean bilduko dira.
“Gure lana esentziala da, inoiz baino beharrezkoagoa, eta bidegabekeria hutsa da, lan baldintzetan atzera egitea”, erantsi dute ELAko kideek.