Beltxarga beltzaren hilketa salatzeko adierazpen instituzional bat proposatu du Elkarrekin Podemos-IUk
Adierazpen honetan eskatuko dute "baldintzak eta bizikidetza hobetzen lagunduko duten urratsak eman behar direla basafaunarekin eta etxeko animaliekin". Bide batez, badiaren ingurumena berreskuratzeko eskaera luzatu nahi diete aldundiari eta jaurlaritzari.
Joan den astean piraguista batek beltxarga beltza bat hil zuela salatzeko adierazpen instituzional bat egitea proposatu du Elkarrekin Podemos-IU taldeak, “gertaera horrek Irungo herritar gehienengan eragin duen zirrara ikusita” hartu dute erabakia. Hala, Bozeramaileen Batzordean aztertu beharreko adierazpen bat erregistratu dute jada.
Adierazpen honetan “baldintzak eta bizikidetza hobetzen lagunduko duten urratsak eman behar direla” eskatuko dute, “basafaunarekin eta etxeko animaliekin”, eta nabarmendu “gure inguruan dauden eremu babestuak ezagutarazi behar direla eta horietan bila jokatu behar dugun azpimarratu”. Honetan ere aldundiari eta jaurlaritzari eskatu diote “lehenbailehen urratsak eman ditzatela badiaren ingurumena berreskuratzeko”.
Ondorengoa da taldeko kideek adostu duten testua, hitzez hitz:
Otsailaren 3an tristura handiz jaso genuen gure Txingudiko badian aspaldidanik bizi zen zisne beltzaren hilketa bortitzaren albistea. Ale bakarra zen, eta erraz bereizten zen lumaje ilunagatik, eta badakigu agintari eskudunak ari direla kasua ikertzen. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu gertatutakoa argitzen laguntzeko prest agertu diren lekukoei.
Irungo Udaletik biziki deitoratzen dugu zisne beltzaren hilketa, eta erabat arbuiatzen dugu basoko zein etxeko animaliekiko tratu txar oro. Ildo horretan, adierazi nahi dugu, abenduaren 15ean animalien araubide juridikoari buruzko 17/2001 Legea onartu zenetik, animaliak sentikortasuna duten izaki biziduntzat hartzen direla legez.
Era berean, nabarmendu nahi dugu badiako eremu osoa eta estuarioa ingurumena babesteko hainbat moduren babespean daudela (KBE, HBBE, Ramsar eta Natura 2000 Sarea), eta, beraz, erasoa larriagoa dela, zisnea bere habitat babestuan zegoelako eta erasotzailea animaliaren naturagunea inbaditzen ari zelako.Hala eta guztiz ere, balio ekologiko handiko eremu babestuak daude Irunen, eta horiek ahalik eta ondoen zaindu nahi ditugu. Eta, horretarako, funtsezkoa da herritarrak gure inguruko ekosistemen hauskortasunaz jabetzea eta modu egokian jokatzen jakitea, ingurumenaren ikuspegitik. Badakigu gizakien eta basa-fauna eta -floraren arteko bizikidetza egokia bermatzea konplexua dela, eta natura maite dugunok gozatzen dugula ingurune naturaletan aisialdiko jarduerak garatzen. Are gehiago, ohikoa da ingurune babestuetan,
hala nola badian edo Aiako Harria parkean, kirol- eta aisialdi-modalitate desberdinak praktikatzen ditugun bitartean, pertsonoi ahaztea basa-bizitzarako erreserbatutako ingurune bat inbaditzen ari garela eta inguru horietan bizi direnak errespetatu behar ditugula.
Gure ustez, Irungo herritar gehienek natura maite dute eta gurea bezalako eremu batean bizitzeak dakarren pribilegioaz jabetzen dira. Hala ere, zisne beltzaren erailketak, beste zisne batzuei egindako erasoek, entretenimendu gisa basa-animaliak elikatzeak edo Osinbiribil inguruan gertatzen diren botiloiek erakusten digute ingurune natural horietan gaudenean oraindik jende askok ez dituela ezagutzen, errespetatzen eta zaindu behar ditugun oinarrizko arauak.
Horregatik guztiagatik, Irungo Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:
1.- Urrats sendoak ematea bizikidetza eta baldintzak hobetzeko basafaunarekin zein etxeko animaliekin.
2.- Komunikazio-kanpaina oso bat egitea inguruan ditugun eremu babestuei buruzkoa eta eremu horietan gaudenean nola jokatu behar dugun azaltzeko.
3.- Jarduera eremu babestuetan garatzen duten kirol kluben lankidetza bilatzea,
erabiltzaileei ingurumeneko jardunbide egokiak zeintzuk diren irakasteko.
4.- Eremu babestuetan bizi diren animalien eta landareen bizi-zikloetarako egutegi egokia ezartzea, gizakiok ziklo horiek alda ez ditzagun, gure jarduerak ziklo horietara egokituz.
5.- Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari badiaren ingurumena lehengoratzeko urratsak lehenbailehen egin ditzaten eskatzea (Txingudiko Plan Zuzentzailearen bidez), eta Aiako Harria Parke Naturaleko erabiltzaile guztiei zuzendutako informazio kanpainak egin
ditzaten eskatzea.