Osasun Bidasoak "jendaurreko babesa" galdegin dio alkateari
Txomin Sagarzazuri zuzenean eskatu diote herri plataformaren aldarriak publiko eta esplizituki defenda ditzan.
Osasun Bidasoa plataformak eskaera konkretua egin dio Txomin Sagarzazu alkateari: haiei aurretik ahoz aitortu bezala, jendaurrean eta argiro ere ager dadin plataformaren aldarrien babesean.
Elkargoko kideen arabera, bozeramaileen batzordearekin izandako azken bileran, Sagarzazuk “kezka” agertu zuen gaiarekiko, eta udalburuari galdegin diote orain esplizituki adieraz dezala babes hori: “Jendaurrean ager dadila plataforma honen alde, gizarte-kideei ahoz egin zien bezala, bozeramaileen batzordearen aurrean, mobilizazio-baimenetatik hasita, egin beharreko obra guztiak egin daitezen”.
“Behingoz pilota zure teilatuan dago”, jarraitu dute, “eta balantza zure boto-emaileen aldera okertu dezakezu”. Beste alde batera ez begiratzeko exijitu diote, eta Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin harremanetan jar dadila lanak geldiarazteko.
Hori esanda, berriro ere deitu du Osasun Bidasoak datorren larunbaterako (hilak 19) deituta dagoen mobilizazioarekin bat egitera: “Ekitaldi horren arrakastaren araberakoa izango da, neurri handi batean, egungo proiektua geldiaraztea eta ebakuntza gelek funtzionatzen jarrai dezaten salbatzea”. 18:30ean abiatuko dira manifestariak Irungo San Juan plazatik.