KOLAB ViaIrun programa burutu dute
39 enpresek parte hartu dute eta zortzi proiektu identifikatu dituzte.
KOLAB programa jarri zuen abian urrian Bidasoa bizirik agentziak, Irungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, ViaIrun proiektuaren barruan. Proiektu estrategiko honetara 186.000 euroko aurrekontua bideratu dute.
Sorkuntza eta lankidetza eremu bat da KOLAB, eta xedea, ekimen eta proiektu berriak sortzea da, “mugikortasun garbiaren, retail 4.0aren eta garraio eta logistika aurreratuaren sektoreetan hautemandako joeren ildotik”.
Miguel Angel Paez Bidasoa bizirikeko lehendariak azaldu du, “sortzen diren joera, aukera eta roiektuen bidez inspirazioa eskaintzen duen programa” dela, eta asmoa, eskualdeko enpresei laguntza teknikoa ematea dela, “proiektuak kontzeptualizatzeko eta beste eragile batzuekin aliantzak bilatzeko”.
Bi fase izan ditu programak. Lehenengoan, lau tailer eta talde saio parte hartzaile egin ziren, eta guztira 39 enpresak hartu zuten parte. Saio hauekin “eskualdeko enpresa sarearen gaur egungo gaitasunen eta aztertutako joeretara egokitzeko beharrezko gaitasunen arteko tarte nagusiak” atzematen saiatu ziren. Hiru ardatzetan oinarritu ziren: industria, retaila eta garraioa eta logistika.
Behin identifikazio horiek eginda, 58 joera berri aztertu zituzten, eta horietatik eskualdean eragin handiena izan zezaketen 22ak aukeratu zituzten. Hurrengo saioan, hautemandako zazpi aukera eremu nagusi aztertu zituzten, baita erronkak zehaztu ere. Azkenean, 8 proiektu sortu zituzten, eta hauek martxan jartzeko ibilbide orria kontzeptualizatu eta diseinatu zituzten.
Eskualdeko zenbait enpresaren artean lankidetzan aritu izana “oso interesgarria” dela baloratu du Xabier Olaizola Puertas Olamendiko gerenteak. “Zalantzarik gabe, errepikatzeko ekimena iruditzen zait”.
Bada, bigarren fasean proiektu hauek identifikatu zituzten: Datuak monetizatzea, deskarbonizazioa trantsizio ekologikorako, Omnikanal denda berria (online), enpresentzako lankidetza-plataforma, Omnikanal denda berria (fisikoa), denda teknologiko berria, garraio-sektorearen talentua sustatzeko plataforma, eta azken milia lankidetza-plataforma tokiko merkataritzarako.
Bidasoa bizirik lehen urratsak ematen ari dela proiektu horiek abiatzeko adierazi du Maria Serranok, agentziaren lehendakariordeak. Bukatzeko, “proiektu hau bizirik irautea nahi dugu, eta enpresa-taldearekin bilera puntualak egiten jarraituko dugu, identifikatutako proiektuen segimendua egiteko eta ideia berriak sortzeko” esan du Serranok.