Kai berria berritzen, itsasoaren oldarraldiez babesteko
Azken urteetako itsaso haserrealdien ondorioek eta aldaketa klimatikoak agerian utzi dituzte kai berrien sendotze beharra. Eusko Jaurlaritza Hondarribikoa 1.988 blokerekin babesten hasi da.
Egun Hondarribiaren muturrean dagoen kai berria 1914ean hasi ziren eraikitzen bertako kofradiak Madrilen eskaera egin eta gero. Babes kai bat izan zedin eskatu zuten. Izan ere, eskaera egin baino hilabete batzuk lehenago Constantino txikia ontziko 12 arrantzale barran galdu ziren. Hondarribiko arrantzaleek itsasoaren haserrealdiak bortitz jasaten zituzten, eta babes beharra zutela adierazi zuten eskaera hartan.
Hori dela eta, iparraldeko dikea, San Telmo gazteluaren azpikoa, egiteko enkantea jarri zuten martxan, eta Manuel Guidosi esleitu zioten hori eraikitzeko ardura, garaiko 716.000 pezetako aurrekontuarekin. Udalaren arabera, hegoaldeko dike eta kaiaren enkanterik ez zen egin, “dirurik ez zegoelako”.
Alta, 1919an ekaitzak suntsitu egin zuen ordurako kai berria deitzen zutena, eta 1933. eta 1945. urteetan, beste hainbat babes bloke erabiliz konpondu zuten. Behin kaia sendotuta, 1975. eta 1979. urteetan eta 1990eko hamarkadan handitzeko lehen lanak egin ziren. Ordutik, Hondarribiko mutur horrek ez du inolako aldaketarik izan, nahiz eta babes harrien artean zartadurak eratu diren.
Azkeneko urteetan itsasoak gainezka egiten duela azaldu du Norberto Emazabel Done Pedro Arrantzaleen Kofradiako Abade Nagusiak, “babes blokeen faltan, itsasoa erraz igotzen da”. Bermeoko kaiaren kasua da garbiena, 2016an bertako murruko zati bat eraman baitzuten olatuek, eta joan den urtean konpondu eta gehiago babestu zuten. Ildo horretan, Hondarribiko kai berria indartzeko lanak hasi ziren pasa den astean, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako zuzendaritzaren aginduz.
Ia 2 milioi euroko aurrekontua
Kaia eraberritzeko lan horiek aurkezteko agerraldia egin zuten aurreko astean Aitor Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak; Txomin Sagarzazu alkateak; eta Norberto Emazabel kofradiako presidenteak berak. Adierazi zutenez, urtebeteko iraupena izango dute, eta 1.990.979,63 euroko aurrekontua baliatuko dute horretarako.
Guztira 1.988 hormigoizko bloke — Dentsitate Handiko Hormigoia (BHAD) izendapena dutenak— erabiliko dituzte kaia sendotzeko, eta 5, 9, 12 edo 18 tonako pisua du horietako bakoitzak. Agregakin siderurgikoarekin fabrikatu dituzte, hau da, industria hondakin eraldatua eta agregakin “balorizatua” da. Era horretan, baliabide naturalen kontsumoa murriztu nahi dutela esan du Eusko Jaurlaritzak. Kai osoan harrien artean sortutako hutsuneak babestuko dituzten arren, garrantzitsuena iparralderago dagoen zatia indartzea da, itsasoa bizi-bizi dabilelako han.
Oro har, itsasoaren mugimenduaren handitzea nabaritzen dutela azaldu du Abade Nagusiak: “Txikot gehiago jarri behar ditugu”. Itsasoaren eraginagatik ontziak hirunaka lotuta egotetik, binaka egotera pasa direla zehaztu du.
Alkateak lanak iraun bitartean pazientzia eskatu die herritarrei. Izan ere, herrian orduero lau kamioi sartu-irtenean izango dira, eta obren ondorioz, kai berriko aparkalekuak itxita jarraituko du urte osoan zehar.