[Erreportajea] Ekaitzak gelditu ez zuen pirata
Zubi arrotzak gaindituz ibiltzen zen gizona zen Txema Egiguren. Bidasoaren bi aldeetan zen ezaguna hendaiarra, herri mugimenduak bultzatzeagatik eta berdintasunaren alde egiteagatik.
Lau haizetara zabaldu zuen Txema Egiguren hendaiarrak Nik Hendaia maite dut leloa. Euskaltzalea, herri mugimenduen sustatzailea, eta jai herrikoi eta parekideen aldeko ikurra izan zen. Hendaiaz maiteminduta zegoen, bizi-gogo askokoa, eskuzabala, ipurterrea eta eredugarria. Hitzez hala definituko lukeela bere aita dio Arantza Egigurenek, bere alaba zaharrenak. Iragana erabili du, iaz zendu baitzen minbiziaren ondorioz, eta aztarna handia utzi duela sumatzen du alabak, bai herritarrak aitaz galdetu ohi diotelako, bai prentsan berari buruzkoak irakurri izan dituelako, eta baita ere taberna batzuetan bere argazkiak ikusten dituelako, besteak beste.
Txema Egiguren Irunen jaio baina Hendaian hazi eta bizi izan zen batez ere. Hendaiako eskola frantsesean ikasketak bukatu, eta elektrizitate gradu bat ikasten ari zela bertako ikasle asanbladan sartu zen. Etorkizunean sumatu ahal izan den bere influentzia nabaritzen hasiak ziren jada, ikasle asanbladako buru izatera iritsi baitzen. Bertan ikasle frantses eta euskaldunekin elkartzen zen, eta Arantzaren esanetan, orduan hasi zen bere mugimendua Ipar eta Hego Euskal Herrian.
Militantzia esparru nagusia Hendaia izan zen arren, bera ez zela leku zehatz batera ixten azaldu du Arantzak, ez zuelako bere herrian edo bere buruan pentsatzen, baizik eta elkarlana defendatzen zuela adierazi du. Horregatik, Irun eta Hondarribian bidea egindakoa izan zen Egiguren, beti ere kritika zorrotz batekin: “Berak asko esaten zuen Bidasoak Ipar Euskal Herria ahaztu egiten zuela”.
Euskaraz ezin bizi eta ezin ikasi izanak barrenak mugitzen zizkion. Aldatu beharrekoa iruditzen zitzaion “muga madarikatu” bat gurutzatuta euskaldunen errealitatea hain desberdina izate hori, hesi ikusezin horren ondorioak beti ahoan izaten zituela gogoan du alabak. Egoera horren aurrean errealitate guztiak batu eta euskaldunen nahien alde borrokatzeari ekin zion, bai Irunen, bai Hendaian, eta edonon, Arantzak ziurtatu duenez: “Ez zen murgiltzen bakarrik bertakoetan, bere xedea zen jende askorengan pentsatzea. Gero, egia da, lekuaren arabera bere helburuak edo militantziak desberdinak zirela”.
Euskaltzaletasunari jarraiki, Hendaiako Gure Ikastola sortzeko bultzatzaileetako bat izan zen. Izan ere, garai hartan, Hendaian ez zegoen euskaraz ikasteko aukerarik, eta gaur egun ere eskaintza bakarra da. Alabak oroitu du txikia zenean aitari askotan esaten ziola euskaraz ikasteko Irunera joan zitezkeela, baina aitak beti “gu Hendaian bizi gara, eta denok alde egingo bagenu Irunera, Hendaian zer?”, erantzuten zion. Oro har, Hendaian euskaldunen eskubideak bermatzeko asko zegoela egiteko pentsatzen zuenetarikoa zen, beraz. Ildo horretan, Hendaian zegoen besta giro faltaz ere mintzatu da Arantza, eta esaldi berbera aipatzen ziola oroitu du: “Aita, goazen Irunera, giro gehiago dago”, esaten zion alabak; eta aitak: “Bai, baina gu hendaiarrak gara, goazen hemen zerbait sortzera”, erantzuten zion. Hori dela eta, Sagarno Eguna, Danborrada eta Euskal Festari bultzada ematen aritu zen ere bai.
Alde batetik, ideia politiko zehatz batzuetatik gertu zeuden proiektuak bultzatzen zituen, baina ez zela borroka esparru horretara mugatzen dio alabak. “Bai zuen helburutzat herriarentzako ahalik eta hoberen zen gauza bat aurrera eramatea, eta denengan pentsatzea. Beti defendatzen zuen ez ginela itxi behar, eta gure artean bakarrik mugituko bagina ez ginatekeela inora iritsiko”.
Elkar ulertzeko gaitasuna
Gordinki esanda, Txema oso maitatua eta oso kritikatua izan zela adierazi du alabak. Baina, kasualitateak kasualitate, ideologikoki edo politikoki orokortasun batean berdin pentsatzen zutenek gorroto zutela uste du. Bere aitak bat egiten zuen ezker abertzalearekin, baina beti ere kritikak azaleratuz: “Denarekin ez zegoen ados, baina ezkertiarra zen”. Behin eta berriz nabarmendu du alabak herritar guziengana iristeko herritar guziekin egotearen beharra, eta adibide gisa jar daiteke Txemak ideia hori jarraitu zuenekoa Hendaiako Olentzaro izaten hasi zenean: herriko eskola pribatu zein publiko guztietara joaten zen. Asko kexu ziren ikastola ez zen beste ikastetxeetara joateagatik, baina ez zuen uste haur hendaiar frantses hiztunek era magikoan Olentzero maitatzen hasiko zirenik, hasteko, irudi nahiko itsusia izan daitekeelako ikazkinarena, eta jarraian, ikastetxe frantsesek bere kabuz ez zutelako gonbidatuko, Arantzaren arabera. “Bada ni joango naiz haiengana, nik eramango diet euskal kultura hori, eta beharbada beraiena egingo dut”, argudiatzen zuen Txemak. Erabaki horrek emaitzak eman dituela ziur da Arantza, aurten Mari Domingiren barruan murgildu baita, eta egun, Hendaiako haurrek Olentzaro nor den badakitela adierazi du.
Egigurenek ideia asko zituen buruan, hala gogoratzen du alabak. Ikastola sortzearekin batera, esanguratsuenetariko bat Bixintxo jaietako Hendaiako Danborrada sortu izana da. Hastapenetan ingurukoek “zoroa” zegoela esaten zioten. “Batez ere Hendaia bezalako herri batean horrelako ideia bat aurrera eraman nahi zuelako”, esan du Arantzak. Azpeitiko Danborradan oinarritu zen batez ere, eta besta horien antzeko zerbait egin nahi zuela uste du alabak, «giro eskasia horri hasiera eman nahi zion. Falta den horri bizia emateko». Horrelako ospakizun bat ezin da bakarrik antolatu, eta herritarren babesa ezinbestekoa izan zen. Bere elkar ulertzeko trebetasunari esker, herritarren inplikazioa lortu zuen, nahiz eta lehen bi urteetan gudan egon zirela aitortu duen alabak: “Baina oso azkar ikusi zen posible zela aitaren nahia egitea, Hendaiako kaleetan besta giroa egotea, askotariko pertsonak elkartzea eta egun polit bat sortzea”.
Gogo horiek bete eta iraun dutela nabari du alabak, eta ospakizun hori abiatu zenetik bertan izan da hura. Izan ere, festa bat sortzen denean oso zaila dela lotura emozional bat garatzea du iritzi, artifiziala suerta daitekeelako, baina gaur egun jendea hunkituta ikusten dela azaldu du, baita gogotsu parte hartzeko eta antolatzen jarraitzeko ere. Ebidentziak hortxe daude: konpainiak handitzen joan dira, beste batzuk sortu behar izan dituzte, eta lehen urteetan Donostiako Danborradako doinuak erabiltzen bazituzten ere, horiek alde batera utzi eta hendaiarrek haien abestiak konposatu zituzten. Arantza aitarekin urtero Herriko Etxeko balkoira igotzen zen egun horretan, eta jende andana ikusten zela oroitzen du: “Zenbat jende zegoen ikusten nuen eta saiatzen nintzen beti kontatzen, baina plaza betea zegoenarekin geratzen nintzen”.
Txemak eragina izan zuen zerrenda luzearekin segituz, Zuberoaraino iritsi zela ere aipatu behar da. Urte luzez Euskaldunon Egunkaria-ren banatzailea izan baizen Hendaiatik Mauleraino. Bere garaian Ipar Euskal Herrian euskarazko egunkari bat bermatu izanak ere bulkada handia izan zuela dio alabak.
Irunen eta Hondarribian ere arrastoa utzi zuen, oso nabarmena, batez ere berdintasunaren aldeko borrokan. Hasieratik desfilatu zuen Irungo Alarde Parekidean, eta gatazkaren gogorrenean “aurpegia ematen” egon zela dio Arantzak. Inplikazio horregatik, eta ondoren Hendaiako Danborradan emakumeen eskubideak bermatzeari arreta jarri izanagatik aitortza egin zioten iaz Hondarribian, Jaizkibel konpainiak banatzen duen Hondarribia Hiria Saria eman baitzioten. Ezin izan zuen saria jasotzera joan eri zegoelako, eta haren seme-alabak izan ziren aitaren ordezkari. Errekonozimendu horregatik “oso pozik eta harro” joan zela mundu honetatik adierazi du alabak. Horren harira, gisa horretako sariek ez luketela existitu behar uste zuen Txemak, “berdintasuna ez litzatekeelako ospatu behar”. Baina dagoen errealitatean kokaturik, oso pozik geratu zela aitortu du alabak: “Hendaiako Danborradari eman zitzaiolako errekonozimendu bat eta hasiera batetik berdintasun batetik sortu zelako gure herriko festa”. Zaila ikusten duen arren, uste du Danborradak bultzada eman diezaiokeela Irun eta Hondarribiko egoera samurtzeari, eta ildo horretan, berriz ere Bidasoa batzeaz mintzatu da: “Aitak pentsatua zuen Danborradara etortzeko Jaizkibelekoei deitzea. Hendaian ez da ematen hainbeste desberdintasun hori genero aldetik, baina egia da Irun eta Hondarribiko jende asko ez dela gerturatzen ez dagoelako inolako interesik. Berak nahi zuen gonbidapen hori luzatu. Azken finean, ez delako derrigorrezkoa hendaiarra izatea danborra jo eta besta egiteko”.
Lekukoa hartzeko prest
Orainaldiaz ere mintzo da Arantza. Aitaren izaera berdina duela esan ohi diotela dio, “onerako eta txarrerako”. Haren lekukoa hartzea gustatuko litzaiokeela ere onartu du, baina bere modura: “Ni Arantza naiz, beste errealitate bat daukat eta bere akatsetatik eta alde onetatik ikasi, eta egokiak iruditzen zaizkidanak nireak egingo ditut. Ni beste pertsona bat naiz”. Gauza askorengatik miresten zuela dio, baina bere bizi-gogoa nabarmendu nahi izan du. Minbizia diagnostikatu ziotenean esandakoa ekarri du gogora: “Hil, hilko naiz. Baina bizi, biziko naiz ere”.