Elkarrekin Podemosek kirurgia blokeko obren "iluntasuna" salatu du legebiltzarrean
David Soto legebitzarkideak salatu du Osakidetzak "bigarren mailako herritar" gisa tratatzen dituela 18 hilabetez zerbitzurik gabe uzteko asmoa duelako.
David Soto Elkarrekin Podemos IUko legebiltzarkideak Bidasoa Ospitaleko kirurgia unitatearen lanen gaia eraman du gaur, Eusko Legebiltzarrera. Bertan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari eskatu dio herritarren eskaerei erantzuteko, eta ez uzteko eskualdeko biztanleak 18 hilabetetik gora zerbitzu hori gabe.
Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak “informazio eta gardentasun falta” erakutsi duela ere salatu du Elkarrekin Podemos-IUko kideak, eta entzugor egiten diela herritarren eta osasun langileen kexei, ebakuntza gelak Donostiako Onkologikora eramateko ideiari eutsiz.
Egoera horren aurrean, “Osakidetzak Bidasoko biztanleak bigarren mailako herritar gisa” tratatzen dituela iritzi dio, “uko egin baitzaio arreta egokia bermatzeari.
Sotok gogorarazi du Osasun Bidasoa plataforman dauden osasun langileek zein gizarte taldek behin eta berriro eslkatu dutela Bidasoa Ospitalean kirurgia blokea mantentzeko eta proiektua birformulatzeko, behin-behinean Donostiako Onkologikora lekualdatzeak ondorio garrantzitsuak utziko lituzkeelakoan paziente eta senideengan. Hainbat galdera ere bota ditu: “Zer gertatuko da langileekin? Zer gertatuko da larrialdiekin? Zergatik jartzean da arriskuan pazienteen osasuna Onkologikora eramanez? Zergatik behartzen dira senideak Donostiara joatera? Zergatik ez da eraikitzen erantsi bat?”.
Ildo horretatik, Sagarduiri kexak entzun eta konponbide bat aurkitzeko eskatu dio: “Sinplea da, beste leku batzuetan egin dena nahi dugu, besterik ez”.
Horrez gain, herritarrengana zuzendu da, eta ostiralero 14:00etan Bidasoa Ospitalaren atarian egiten duten elkarretaratzean parte hartzera animatu ditu: “Luzapenean gaude, eta herritarren bultzada osoa behar dugu konponbide duina eskatzen jarraitzeko”.