"Egia manipulatzea" leporatu dio alkateak Abotsanitzi
Ospitalean obrak egiteko baimena sinatu izana onartu du Txomin Sagarzazu alkateak, baina ez duela zerikusirik Osakidetzak lan horiek iraun bitartean hartu nahi dituen neurriekin defendatu du.
Herenegun, Txomin Sagarzazu alkateak ospitaleko lanak baimendu izana “ezkutatu” zuela salatu zuen Abotsanitzek. Gaur, akusazio horiei erantzun die alkateak, eta “egia manipulatzea” leporatu die. Errealitatea haien interesen arabera bihurritu dutela dio alkateak, “eztabaida sortua duen gai bati irtenbidea ematen lagundu beharrean”.
Oposizioko alderdiak argitara eman zuen oharraren amaieran, Hondarribiak informazioa ezkutatzen dabilen alkatea merezi duen galdetu zuten. Planteamendu hau ez dela aurretik adierazi zuten guztiaren ondorioa, hasiera tesia baizik uste du alkateak: “Ez dute atsegin Txomin Sagarzazu alkate izatea, ez dute atsegin EAJ-PNV-k udal gobernua izatea. Abotsanitzen esanen oinarrian 2019ko hauteskunde emaitzak onartu ez izana dago”.
Obra baimena emateari buruz azaldu du prozedura arautu bat dagoela horretarako, eta herritarrek obra lizentzia bat eskatzen dutenean udalak zerbitzu teknikoen txosten batean oinarrituta erantzuten duela. Beraz, egindako eskaerak legea beteko balu, dekretua sinatu behar duela alkateak, eta ondorioz, lizentzia ematen dela esplikatu du: “Erabakia ez da diskrezionala, ez da norberaren gustura egiten den zerbait”.
Prozedura hori Abotsanitzek badakiela dio Sagarzazuk eta hori kontatu ez izana gaitzetsi du: “Hori ez da ekitatez jokatzea, hori desgobernua da”. Haien interesen arabera jokatu dutela edota Abotsanitzek lizentziak nahierara emango lituzkeela pentsatzen dutela iritzi du.
Ezkutatzeari buruz ere jardun da Sagarzazu, eta obra baimen guztiak udal erregistrotik pasatzen direla dio. Orduan, udal talde guztiek dekretu liburua kontsultatzeko aukera dutela gogorarazi du: “Zinegotziek eskubidea dute espedienteren bat zehatzago kontsultatzeko. Hortaz, ez dago ezkutatzerik”.
Uztaileko dekretuaren gaia orain ateratzearen arrazoiak bi direla uste du alkateak; batetik, haien lana gaizki egin izana, bere garaian jakin ez zutelako zer sinatu zen. Bestetik, jakinaren gainean egonda, asteazken arte deus esan ez eta “alkatea eta udal gobernua deskreditatu” nahi izatea.
Bestalde, alkateak lizentzia emanez obrak egitea baimendu duela onartu du, baina ez obrak irauten duen bitartean Osakidetzak hartu nahi dituen neurri guztiak. Horri “plan funtzionala” deritzola eta udalari ez dagokiola hori baimentzea adierazi du.
Gizartean kezka sortu duen gai batez haien intereserako aprobetxatu direla salatu du Sagarzazuk, eta jokabide hau EAJk ez duela inolaz ere onartuko esanez bukatu dute.