[Erreportajea] Umorea, mugak gainditzeko tresnarik onena
Hegalak Fundazioarekin batera, hiru emakumek aniztasun funtzionalarekin duten bizipenei buruzko 'Desberdintasuna bizi' solasaldia egingo dute datorren ostegunean, hilaren 17an, Oiasso museoan.

“‘Zer zoaz, paseatzera?’. Badirudi, aniztasun funtzionala daukagunok ezin dugula kalean paseatzeaz beste ezer gehiago egin, lanera joan, kirola egin…”. Horrelako aurreiritziak behin baino gehiagotan jasan behar izaten dituzte aniztasun funtzionala daukaten pertsonek euren egunerokotasunean. Horretarako erantzuna ere prest dauka Miren Martiarena lezoarrak. Egunero joaten denez kirola egitera gimnasiora, motxila erraldoi bat eramaten du gainean: “‘Bai, etxetik bota naute eta paseatzera noa’”.
Hitz eginez, umorez eta jende normala-rekin batera aurreiritzi horiek apurtu nahi dituzte, eta egunerokotasuna nola bizi duten azaldu: “Dibertsitate funtzionala daukagun pertsonen errealitatea ezagutarazi nahi dugu, jendea agian ez delako gauza batzuetaz konturatzen”. Horretarako, Desberdintasuna bizi izenburupean hitzaldi ireki batzuk antolatu dituzte Hegalak Fundazioarekin batera, eta Martiarenaz gain, aniztasun funtzionala duten beste bi emakume igoko dira oholtzara: Juncal Cepeda irundarra eta Zuriñe Anzola donostiarra. Roberto Herrero ibiliko da moderatzaile lanetan. Hirurek ezaugarri ezberdinak dituzte, beraz, aniztasun funtzionalaren ikuspegi ezberdinak plazaratuko dituzte. Cepeda —jaiotzez— nahiz Martiarena gurpildun aulkian daude eta Anzola itsua da.
Martiarenak 15 urte egingo ditu gurpildun aulkian. 25 urte zituela tumore bat aurkitu zioten buruan. Ebakuntzan meningitisa harrapatu zuen, eta buruko isuria eduki zuen. Orduz geroztik gurpildun aulkian dago: “Jaioberri bat bezala geratu nintzen; dena ikasi behar izan dut”. Haatik, Martiarena eta bere kideek edozer gauza egiteko gai direla aldarrikatu dute, “bakarrik denbora gehiago behar dugula». Lezoarraren kasuan, gauzak berrikasi behar izan ditu: “Pazientzia gutxikoa naiz, oso. Pazientzia edukitzen eta gauzak motelago egiten ikasi dut. Beste filosofia bat da”.
Hegalak-en zentrora kirola egitera egunero joaten denez, egunero hartu behar du autobusa Donostiara joateko. Gimnasioan aritzen da, baita igerian ere. Hanketan sentsibilitatea mantentzen duenez, zutik jartzeko gai da, eta ariketa horiek egiten ditu gusturen, “zutik egoteak autoestimua ematen dit”. Orduak pasatzen ditu kirola egiten, “badakidalako horrek onura egingo didala”.
Umore beltza
Lehenengo solasaldia Donostiako Tabakaleran egin zuten abenduan. Balorazio positiboa egin du lezoarrak: “Espero baino jende gehiago etorri zen, eta oso gustura geratu ginen”. Iruzkin onak jaso dituztela aipatu du eta jendea barrez ikusi zutela, “norbaitek aipatu digu barre gutxiago egin duen bakarrizketetan egon izan dela”. Hitzaldi irekian komedia eta umore beltza erabiltzen dutela azaldu du Martiarenak, “gure artean errazagoa da, baina jendea ez dago ohituta iruzkin batzuk entzutera”. Honakoa da adibide bat: “Esaten dugu jende normala ere ezberdina dela, bakarrik gu gurpildun aulkiak salatzen gaituela”.
Irunen, hilaren 17an da hitzaldia, Oiasso Museoan, 18:30ean. Aurrerago Errenteria-Oreretan eta Zarautzen egiteko asmoa dute. 5