Zaintzaren atzean dagoen negozioaz ariko da Ahoztar Zelaieta Irunen
'Erresidentziak SA, zaintzaren negozioa Euskal Herrian' izeneko liburua aurkeztuko du ikerlari eta kazetariak datorren ostegunean.

Alternatibak antolatuta, hitzaldia eskainiko du Ahoztar Zelaieta ikerlari eta kazetariak datorren ostegunean (hilak 17) Irunen. “Zaintzaren atzean dagoen negozioa” aztertuko du Zelaietak, Erresidentziak SA, zaintzaren negozioa Euskal Herrian izeneko liburua aurkeztuko baitu.
Liburu honetan zaintzaren pribatizazioa landu du ikerlariak, “nagusiki eskrupulurik gabeko multinazionalen esku dagoena, zerbitzua mekanizatuz eta lanak prekarizatuz errentagarritasun handia lortzea helburu dutela”.
Fikziozko izenekin bada ere, benetako pertsonen jarduera izan du hizpide liburua idazteko, Alternatibako kideen arabera, “erresidentzietako zaintzaren errealitatea ikustarazteko”.
“Egoitzetako lan gatazka betirako izango da? Hori al da gure herrian nahi dugun zaintza eredua? Ba al dago alternatibarik?” galderei erantzungo die Zelaietak. Kabigorrik jasoko du aurkezpena, 19:00etan.