Hiriko parkeetan euskaraz gozatzera gonbidatu dituzte haur eta gurasoak
Datozen asteetan Haurrak Parkean programaren barruko saio ugari egingo dituzte, "euskararen erabilera areagotzeko eta jolasaren bidez hizkuntzaren erabilera ludikoa bultzatzeko" asmoz.
Datozen asteetan ere hiriko parkeetan euskaraz gozatzera gonbidatu ditu haur zein gurasoak Irungo Udalak, martxoaren erdialdera arte Haurrak Parkean programaren saio ugari egingo baitituzte. Martxoaren 11ra bitarte, Urtxintxako dinamizatzaileen laguntzarekin, hainbat parke eta plazatan jolasak egingo dituzte, “euskararen erabilera areagotzeko eta jolasaren bidez hizkuntzaren erabilera ludikoa bultzatzeko”.
Jolas tradizionalak izango dira nagusi, eta gurasoei jakinarazi diete ez dela aparteko materialik beharko.
Zabu ZIBU programaren barruan ariko dira 3-5 urte bitarteko haurrak. Gurasoek ere parte hartzen dute jolasetan, “jolas dinamizazio” bat dela azaldu dute udaleko iturriek.
Bestalde, 6-9 urte bitarteko haurrek Txirrintxon izeneko programaz gozatuko dute. Talde jolasak izango dira nagusiki, “talde giroa bultzatzea” baitu helburu egitasmoak.
Hilaren 14 eta 21an Lapurdi kalean ariko dira haurrak; hilaren 16 eta 23 23ra Alberto Anguera plazan; hilaren 18 eta 25ean eta martxoaren 4 eta 11n Nagore Laffage parkean; eta martxoaren 2, 7 eta 9an Partxis parkean eta Santiago kalean.