Adinekoak kontuan har ditzala eskatu dio alkateak Kutxabank-i
Kutxabank-ek Anaka eta Larreaundin zituen sukurtsalak itxi ditu, eta bereziki adinekoen artean kezka sortu du. Alkateak eskaera formal bat egin dio entitateari, "gutxieneko arreta pertsonalizatua ematea ziurtatzeko formulak azter ditzan eskatzeko".
Kutxabank-ek Anakan eta Larreaundin zituen sukurtsala itxi berri ditu, eta horrek zenbait kexa eragin ditu auzotarren artean, bereziki adinekoen artean. Herritarrek adinekoak kontuan hartzeko eskaera egin dute azken egunotan auzo elkartearen bitartez, eta Jose Antonio Santano alkateak bat egin du eskaera horrekin, eta entitateari eskaera formal bat egingo dio, “gutxieneko arreta pertsonalizatua ematea ziurtatzeko formulak azter ditzan eskatzeko”.
“Jakitun gara Kutxabank zerbitzuak berrantolatzen ari dela eta horren ondorioz aldaketa batzuk egiten ari dela, baina neurri batzuk proposatuko dizkiegu, hala nola asteko egun jakin batzuetan zerbitzu jakin batzuk hitzordua emanda eskaintzea, antena moduko bulego bat zabaltzea, aipatutako auzoetako biztanleei aurrez aurreko arreta ematen jarraitu ahal izan dadin; batez ere, adinekoei”, esan du alkateak. Horregatik, Anakako auzo elkartearen eskaeraren bat egin du, “berehalako konponbide bat” eskatuz.
Aspaldi itxi zuten Larreaundiko bulegoa, eta orain, Anakakoa itxi dute. Oraingoz kutxazain automatikoa dute eskuragarri auzotarrek, baina ez bestelako zerbitzurik.
Era berean, alkateak ere Euskotren-ek Belaskoeneako geltokian zuen kutxazaina kendu izana ere “birplanteatzeko” eskatu dio bankuari, “oso mesedegarria baitzen auzotarrentzako”.