"Enplegua bultzatzeko" bi lerro berri abiatu ditu udalak
Batetik, enplegua sustatzeko postuak eskainiko dituzte udaletxean, eta bestetik, hiriko enpresek kontratu berriak egin ditzaten bultzatzeko zuzeneko laguntzak ere emango dituzte.
Irungo Udalak, Irun Ekintzan itunaren barruan, enplegua sustatzeko bi lerro berri abiarazi ditu. Miguel Angel Paez ordezkariak azaldu duenez, batetik, enplegua sustatzeko postuak eskaintzen ari dira, eta bestetik, hiriko enpresek kontratu berriak egin ditzaten bultzatzeko zuzeneko laguntzak ere emango dituzte.
“Bi neurri mota dira, oso garrantzitsuak biak ala biak; guztira, milioi bat euro baino gehiago, 100 laguni baino gehiagori lan kontratuak egiteko. Hasiera batean, aldi baterako kontratuak dira, baina, aldi berean, lan merkatuan sartzeko aukerak ere badira, gazteentzat eta lana aurkitzeko arazoak izan ditzaketen taldeetako kideentzat batez ere”, esan du ordezkariak.
Lanbidek milioi eurotik gorako proposamena onartu du, eta horietako 622.590,12 euro udalak kudeatzen dituen kontratuetarako bideratu dituzte. Orotara 45 kontratu eskainiko dituzte, sei hilabetekoak gehienak eta lanaldi osokoak. Bereziki 55 urtetik gorakoei eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei begirakoak dira, baina baita ere gainerako adin tarteei begirakoak (35 urtetik beherako gazteei, sei hilabete baino gehiago lan gabe egon diren 45 urtetik gorako pertsonei, desgaitasunen bat duten pertsonei, karga familiarrak dituzten emakumeei…). 2021 bukaeran hasi ziren lanean langile berri horiek.
Bestetik, enpresek kontratu berriak egin ditzaten 421.200 euro bideratuko dituzte. Udalaren arabera, diru honekin sei hilabeteko lanaldi osoko 70 kontratu finantzatuko dituzte; 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31era bitartean hasitako kontratuak lagunduko dituzte. Udalaren webgunean egin beharko dira eskabideak.