Ebakuntza txikien kirofano berriko obrak gelditu dituztela jakinarazi du Osasun Bidasoak
Atzo goizean plataformako ordezkaritza bat ospitalean izan zen, "obrek dagozkien baimenak betetzen ote zituzten egiaztatzeko". Udaltzaingoek obra baimena eskatu ondoren obra paralizatu dutela diote: "uste dugu arazoren bat zegoela baimenekin".
Osasun Bidasoa plataformak jakinarazi berri duenez, atzo (hilak 7) goizean plataformako ordezkaritza bat Bidasoa Ospitalean izan zen, haien arabera, “ebakuntza txikien kirofano berriko obrek dagozkien baimenak betetzen ote zituzten egiaztatzeko”.
Bada, Hondarribiko Udaltzaingoari deitu eta zenbait agente bertaratu ziren, zuzendaritzari obra baimena eskatzeko. Horren ondoren, plataformako kideek diote obrak behin-behinean gelditu egin dituztela: “uste dugu arazoren bat zegoela baimenekin”. Plataformako kideek “erne” jarraituko dute, eta gaineratu dute ez dutela onartuko “ekintza burutuen politikarik”.