Irungo Oteiza Basterretxea eraikina zaintzeko lanak egingo ditu udalak
Udalak asmoa du bi artistek garai batean erabilitako tailer hori egokitzeko eta "abangoardia artistikoekin lotura izan dezakeen kultura zentro gisa egokitzeko". Zenbait azterlan egin dituzte dagoeneko.
Oteiza eta Basterretxea Tailer Etxearen “balioa baloratu eta nabarmentzeko” asmoz, zenbait lan egingo ditu udalak Ficoba (Iparralde hiribidean) inguruan aurki daitekeen eraikin mitikoan. Kultura eta Obra sailek hainbat lerro dituzte zabalik, “eraikina zaintzeko, haren irudia hobetzeko eta gehiago honda ez dadin prebenitzeko”.
Dagoeneko lanak enkargatu dituztela jakinarazi du udalak, lehenik, higiezinean fatxada inprimatu bat jartzeko. “Jabetzen gara zenbateko balio artistikoa eta historikoa duen eta nolako lotura duen hiriarekin Oteiza Tailer Etxeak, eta zerbait egin behar genuen, eta lehen mugimendu honekin urratsak egiten hasi gara espazio hori zaintzeko eta merezi duen balioa emateko konpromisoan”, esan du Cristina Laborda ordezkariak.
Lanetarako 38.102,9 euroko inbertsioa egingo dute (Druck Servicios Graficas enpresari enkargatu dizkiote lanak), eta hiru hilabetean amaitzea aurreikusi dute. Fatxadako irudi inprimatu hori martxoan jarriko dutela aurreratu dute.
Lanak hasi aurretik azterketa estrukturala eta arkitektonikoa egiteko asmoa du udalak, “espazioa kulturarako egokitzeko”. Horretarako 40.000 euroko aurrekontua izango dute. Honi lotuta, udalak asmoa du bi artisten garai bateko tailer hori egokitzeko, eta “abangoardia artistikoekin lotura izan zezakeen kultura zentro gisa egokitzeko”. Horretarako hainbat azterlan egin dituzte jada. Mugarte izena jarriko diote proiektuari, “artea, kultura eta muga sustatzeko eta artxibatzeko lana” egin nahi baitute, “eta arte garaikidea sortzeko eta zabaltzeko espazio bat izan”.