Hilaren 19an Irungo kaleak hartzera deitu du Osasun Bidasoa plataformak
Ardura eskatu dio herri plataformak jaurlaritzari, "ardura bailarako 100.0000 biztanleentzat". Bloke kirurgikoa eraberritzeko proiektua geldiarazi dezala exijituko diote enegarrenez Gotzone Sagarduiri, "eta lehenbailehen eratu dezala negoziazio mahaia".
Hilaren 19an (larunbata da) berriz ere Irungo kaleak hartzera deitu ditu eskualdeko herritarrak Osasun Bidasoa plataforma herrikoiak, manifestazioa antolatu baitute. 18:30ean abiatuko dira manifestariak, San Juan plazatik.
Bidasoa Ospitalearen etorkizuna lantzeko mahai bat eratzeko premiaz aritu da lehenik plataforma, eta horretan, Osakidetza eta Irun, Hondarribia eta Bortzirietako udalez gain, osasun arloko sindikatu, langileak eta plataforma berak egon beharko lukete haien ustez. “Kontuan eduki behar da ospitaleak 100.000 laguni ematen diela zerbitzu”, esan dute.
Onartezintzat jo dute Gotzone Sagardui sailburuak oraindik erantzun ez izana plataformaren eta eskualdeko alderdi politiko gehienen eskaerari. “Egungo proiektua geldiarazteko eskatzen diogu, zeinetako xehetasunak oraindik ezagutzen ez ditugun”, erantsi dute amorruz. Bestetik, Osakidetzaren, kaltetutako udalen, sindikatuen eta ospitalearen bloke sanitarioaren arteko mahai hori eratzeko eskatu diote enegarrenez, bertan “ospitalearen etorkizuneko behar tekniko eta sanitarioei buruzko proposamenak” aztertu daitezen, eta “obrak egiten diren bitartean ez egiteko beharrezkoak ez diren eta pazienteei nahasmendu larriak eragingo lizkieketen lekualdaketarik”.
Hematologia zerbitzua desagertuko dela “beste bide batzuetatik” jaso izana ere onartezina dela erantsi dute, “edo jakitea Zumarraga, Arrasate edo Mendaroko ospitaleetarako balio duenak gure eskualderako ez duela balio. Bigarren mailako herritarrak al gara?”.
Ardura eskatu diote jaurlaritzari, “ardura bailarako 100.0000 biztanleentzat”. Eta beste behin, proiektua geldiarazi dezala exijitu diote Sagarduiri, “eta lehenbailehen eratu dezala negoziazio mahaia”. Amaitzeko erantsi dute plataformak ez duela onartuko “atzerakorik ez duen eszenatoki batera joatea”.