Kai berriko kanpoko babes dikea indartzeko lanak hasi dira
Lan horietarako 1.990.979,63 euro erabiliko dituzte, eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako sailak bideratu du horretara dirua. Guztira, 12 hilabete iraungo dituzte lanek.
Kai Berriko kanpoko babes dikea sendotzeko lanekin hasi dira, eta proiektu hori aurkezteko agerraldia egin dute gaur Aitor Etxebarria, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria, Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea eta Norberto Emazabel, Done Pedro Arrantzaleen Kofradiako Abad Nagusiak.
Obren xedea, kanpoko ezpondaren eta bokalaren muturraren inguruko azpiegitura indartzea da. Era honetan, olatuen aurrean egonkortasuna hobetu nahi dute, kaiko portu jarduera garatzen laguntzeko. Horretara, 1.990.979,63 euro bideratu ditu Eusko Jaurlaritzak eta 12 hilabetetan burutu nahi dituzte atzo hasitako lanak.
Jatorrizko babes dikea, laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran egin zen, eta azken urteetan ez dutela inolako indargarririk edo hobekuntza jarduerarik egin azaldu du Aitor Etxeberriak. Jaurlaritzako ordezkariaren arabera, iparraldeko ingurua da sendotuko dutena, “itsasoaren oldarraldien eta denboraleen aurrean arrisku handiena duena”.
Xehetasunak eman dituzte ere erabiliko dituzten 1988 blokeei buruz, eta diotenez, Dentsitate Handiko Hormigoia deitzen zaie blokeei, eta agregakin siderurgikoekin fabrikatzen dira, “hormigoi bolumen txikiagoarekin pisu handiagoa lortzeko”.
Obren lehen fase honetan, kamioiak joan etorrian ibiliko direla eman du berri alkateak, “lau kamioik bi bidaia egingo dituzte ordu bakoitzean, eta ordu erdiro kamioi bat sartuko da Hondarribian”.
Norberto Emazabel Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiako Abade Nagusiak, arrantzaleentzat “oso berri pozgarria” dela adierazi du, “besteak beste, neguko hilabeteetan segurtasun gehiago emango digulako”.