Herritarren Arretarako Zerbitzuak mende laurdena bete du
Azken 25 urteotan ia bi milioi lagun pasatu dira HAZen bulegoetatik. "Funtsezko zerbitzu" bilakatu dela dio alkateak.
Herritarren Arretarako Zerbitzuak (HAZ) 25 urte bete ditu aurten, eta udalaren arabera, ordutik “herritarrei administrazioarekiko harremanetan laguntzen dien funtseko zerbitzu” bilakatu da. Balantzea egin dute gaur Jose Antonio Santano alkateak eta Monica Martinez ordezkariak.
Datuei erreparatuta, ia bi milioi lagun pasatu dira HAZen bulegoetatik azken mende laurdenean. Orotara 4.349.265 irundarrei eman zaie arreta, horietako 1.922.820 aurrez aurre. “Nork ez du noizbait HAZera jo izapideren bat egiteko? Herritarrek balorazio oso ona ematen diote administrazioarekiko harremanak errazten dizkion zerbitzu honi.
Orientazioa eskaintzen diete eta baliabide publikoak eskuratzeko aukera errazten diete.HAZ izugarri hazi da 25 urte hauetan: kanalak ugaritu ditu eta herritarrentzako zerbitzu gero eta errazagoa da. Modernoa eta irisgarria da, eta arreta eraginkor eta efizientea ematen du”, esan du alkateak.
Urteurrena ospatzeko, aste honetatik aurrera arkatz bat oparituko diete HAZen bertaratzen diren guztiei, oroigarri moduan, “HAZen eta herritarren arteko lotura irudikatzeko”.