Lartzabalgo 43 etxebizitzak eraikitzen ari zen enpresarekin kontratua deuseztatzea erabaki du jaurlaritzak
Enpresak obrak gelditu dituelako eta esleipenean ezarritako baldintzetan lanekin jarraitzeko "zailtasunak" dituztela egiaztatu ostean hartu dute erabakia. Orain, Visesa sozietate publikoa arduratuko da obra berriro lizitatzeaz.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Irungo Lartzabal sektorean 43 zuzkidura bizitoki eraikitzen ari den Altuna y Uria SA enpresa esleipendunarekin kontratua deuseztatzea erabaki berri du. Enpresak obrak gelditu dituelako eta esleipenean ezarritako baldintzetan lanekin jarraitzeko “zailtasunak” dituztela egiaztatu ostean hartu dute erabakia. Orain, Visesa sozietate publikoa arduratuko da obra berriro lizitatzeaz, “administrazio epeak arintze eta ahal bezain laster berriro martxan jartze aldera”.
Erabakia hori hartu aurretik, jaurlaritzako zerbitzu juridikoek kasu honetan “kontratua aldatzea ez dela bidezkoa” erabaki dute, enpresak eskatu bezala, eta hala, kontratua baliogabetzea abiatu behar izan du sailak.
Albiste honi lotuta, sailak “Irungo udalerrian etxebizitza babestuak -batez ere alokairuan eta gazteentzat- sustatzeko konpromisoa” nabarmendu du. Zentzu horretan gogoratu dute duela gutxi “EAEko babes publikoko etxebizitzen operazio garrantzitsuenetako bat” egin zutela Oinaurre auzoan, 128 etxebizitza eraikiz. “Udalarekin lanean ari gara, epe ertainean esparru berrietan esku hartu ahal izateko —Anakako San Miguel eta Alei kasu—. Halaber, lanean ari gara, azkenean, Lartzabalgo 43 bizitoki horiek errealitate bihurtzeko eta gainerako sustapenei gehitzeko”, erantsi dute saileko iturriek.