Hiru gizon atxilotu dituzte Irunen, osasun publikoaren kontrako ustezko delitua egotzita
Kilo eta erdi haxixekin atzeman zituzten polizia agenteek, Artia auzoan transakzio batean ari zirela.
Segurtasun sailak jakinarazi berri duenez, hiru gizon atxilotu zituen asteazkenean Ertzaintzak Irunen, osasun publikoaren kontrako ustezko delitua leporatuta. Kilo eta erdi haxixekin atzeman zituzten polizia agenteek, transakzio batean ari zirela.
Asteartean jakin zuen Ertzaintzak gizon susmagarri bat zegoela Irungo hotel batean ostatu hartuta, eta delitu aurrekariak izanik, droga trafikoarekin lotutako zerbaitetan inplikatuta egon zitekeela uste zuten.
Bada, Irungo Artia auzoan atzeman zuten gizona beste bi lagunekin, ustez haxixa zuten pakete batzuekin. Hutsean ontziratutako paketetan banatuta zuten droga. Miatu ostean, kilo eta erdiaz gain, 35 gramo haxix eta laban bat atzeman zioten hiruetako bati.
21, 26 eta 38 urte dituzte atxilotutako gizonek, eta dagoeneko agintari judizialen esku utzi dituzte, Irungo Guardiako Epaitegian.