Alta jaso ostean espetxera eraman dute berriro Bera
Euskal preso irundarrak alta agiria jaso zuen atzo, eta arratsean espetxeratu zuten. Martuteneko Tratamendu Batzordeak proposatutako hirugarren gradu hori berrestea dagokio orain Eusko Jaurlaritzari.
Etxerat-ek jakinarazi berri duenez, Francisco Jose Ramada Estevez ‘Bera’ euskal preso irundarrak alta agiria jaso zuen atzo, eta dagoeneko espetxera eraman dute. Larruazaleko holter txiki bat jarri diotela erantsi du Etxerat-ek. “Gure kezka handia adierazi nahi dugu bere osasun egoera delikatua dela eta. Ramada Estevez aske uzteko eskaera berretsi nahi dugu”, esan dute.
Aste honen hasieran proposatu zuen Martuteneko Tratamendu Batzordeak hirugarren gradua aplikatzeko Berarentzat, eta orain jaurlaritzari dagokio erabaki bat hartzea. “Duela urte eta erdi bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta berehala baimenak eta hirugarren gradua eskuratzeko aukera eman beharko lioke. Era berean, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten 19 euskal preso politikoentzako askatasun eskaera berresten dugu”, erantsi dute amorruz.