'Aingura litikoak Gipuzkoan' erakusketa inauguratuko dute ostiralean
Itsas ondareko elementu aski ezezagun bat ezagutzeko aukera emango du erakusketak: harrizko aingurak. Manu Izagirre urpeko arkeologoak jaso eta aztertu dituen ehundik gora piezen lagin txiki bat jarriko dute ikusgai.
Oiasso Erromatar Museoak erakusketa berezi bat inauguratuko du aurki. Otsailaren 4tik aurrera, Aingura litikoak Gipuzkoan izeneko bildumaz gozatu ahal izango dute irundarrek eta gertuko herritarrek. Itsas ondareko elementu aski ezezagun bat ezagutzeko aukera emango du erakusketak: harrizko aingurak.
Museoko arduradunen arabera, gailu gutxik izan dute “horrenbesteko balioa gizateriaren historian, historiaurretik hasi eta gaurdaino. Aingura litikoak erromatarren garaian ere erabiltzen ziren, barkuak Gipuzkoako kostako badia, kala eta estuarioetan ainguratzeko”.
Orotara bederatzi aingura bildu dituzte. Manu Izagirre urpeko arkeologoak jaso eta aztertu dituen ehundik gora piezen lagin txiki bat jarriko dute ikusgai. 2019an zendu zen Izagirre, eta haren omenez egin dute erakusketa.
“Gurean, zaila da Oiasso Museoa baino leku aproposagorik bilatzea jendaurrean lehen aldiz erakusgai jarriko dugun aingura bilduma hau publikoari eskaintzeko. Oiassoko portua nabigaziorako ezinbesteko erreferentzia zen erromatarren garaian; horrela, beste erakunde batzuekin elkarlanean landutako erakusketa honekin beste urrats bat egingo dugu gure ondarean ezagutarazi eta deskubritzeko, kasu honetan, itsasoari lotutako ondarea, hain zuzen”, esan du udaleko ordezkari Juncal Eizagirrek.
Otsailaren 4an inauguratuko dute, 19:00etan. Ordutik, asteartetik igandera (10:00etatik 14:00etara) eta ostiral eta larunbatetan (16:00etatiok 19:00etara) bisitatzeko aukera izango da.
Itxialdi teknikoa
Museoko arduradunek jakinarazi dute astelehenetik (hilak 31) ostegunera bitarte (otsailaren 3a da) museoa itxiko dutela, “eraikinaren barruko instalazio batzuk mantentzeko eta berritzeko lanak egiten ari baitira bertan.