PSE-EEk proposamenak egin ditu udalak jasotako diruarentzat
Covid-19 funtsetatik zein estatuaren ekarpenetatik jasotakoak bai gizarte zerbitzuetara bai udal azpiegituretara bideratzea proposatu du udal taldeak.
Iosu Alvarez Hondarribiko PSE-EE udal taldeko bozeramaileak Hondarribiko Udalak Covid-19 funtsetatik zein estatuaren ekarpen ekonomikoetatik bi milioi euro eta erdi baino gehiago jaso dituela adierazi du, eta inbertsiorako proposamenak egin ditu.
Batetik, udalak Tximista kalean dituen etxabeak egokitzea iradoki dute. Horrela, “udalerriko gizarte-zerbitzuen eta prebentzio komunitarioaren” kalitatea hobetuko litzateke. Bestetik, Kandido Saseta plazako lokalak egokitzea, liburutegiko zerbitzuak osatu eta auzo-mugimendua indartzeko baliabide ekonomikoak bideratzea proposatu du udal-taldeak.
Prentsa ohar bidez, pandemia testuinguruan udalek bi urtez aurrekontuak egokitzen eta gastu sozialera bideratutako partidak lehenesten jardun dutela azpimarratu du bozeramaileak, eta era berean erakundeen arteko batasuna aldarrikatu du.