Igandean 'Tartalo, gaztaren sekretua' antzezlana eskainiko dute
Antzezlana 3-8 urte arteko umeei zuzendutakoa da, eta emanaldia arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Sarrerek lau euro balioko dute.
Saioa Iribarren zuzendariaren eskutik, “Tartalo, gaztaren sekretua” antzezlanaren emanaldia egingo dute igande honetan (urtarrilaren 30a) Hondarribian. Gaizka Chamizo, Eneritz Garcia eta Ander Garaizabal aktoreen emanaldia 3-8 urte arteko umeei zuzendutakoa da.
Joxemiel pertsonaiak bere txoko magikotik Tartaloren kondaira kontatzen du. Mendiko koba misteriotsu batean bizi den artzain erraldoia da Tartalo, eta pertsonak panpin bihurtzen ditu. Hori dela eta, herritarrek beldurra diote, baina Matilde artzain ausarta Tartalok egiten duen gaztaren sekretua zein den jakitera abiatuko da egun batean. Bada, abenturan zehar Matildek Tartaloren izaera onbera ezagutuko du.
Emanaldia Hondarribiko Itsas Etxean izango da, arratsaldeko 17:00etan. Sarrerak lau euroan jarriko dira salgai.