Igandean bukatuko da aurrekontu parte-hartzaileetan bozka emateko epea
Aurrekontu parte-hartzaileen bidez udalak aurkeztutako bost proiektutatik martxan zein jarriko den lehendabizi aukeratuko dute herritarrek.
Datorren igandean, urtarrilaren 30ean, itxiko da udalak aurrekontu parte-hartzaileak egitasmoan bozka emateko epea. Bozketa Internet bidezkoa izaten ari da, eta udalak online bozketan parte-hartzeko zailtasunak dituzten herritarrentzat laguntzarako pertsona bat jarriko du bihar goizean, 10:00etatik 13:00era, San Pedro kaleko azokan.
Egitasmo honen bidez, herritarrek Hondarribiko Udalak aurkeztutako bost proiektutatik zein jarriko den abian aukeratuko dute. Proiektu ezberdinak Hondarribiko haur parke bat estaltzea, Amuteko auzoan dagoen pilotalekua estaltzea, San Markoseko parkean irisgarritasuna hobetzea, hirian zehar txakurren aisialdirako gune bat sortzea eta “Pump track” bat eraikitzea (motorrik gabeko ibilgailuentzat asfalto edo egurrezko zirkuitu itxia, alegia) dira.
Bozkaketan parte-hartzeko, informazio osoa eskuragarri hemen.