Holokaustoaren biktimak gogoratu ditu udalak
Atzoko Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Egunaren harira adierazpen bat onartu dute talde guztiek. Omenaldi ekitaldi bat ere egitea aurreikusi dute, bereziki Holokaustoaren biktima izan ziren 23 irundarrak gogoratzeko.
Atzo (hilak 27) Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Eguna izan zen, eta horren harira, udalak adierazpen bat kaleratu berri du. Ordezkaritza duten talde guztiek adostu dute testua. Testuaz gain, biktimak oroitu eta omentzeko ekitaldi bat antolatuko dutela aurreratu du udalak, Etorbidearen zubian. Aurki dataren berri emango dute.
Ondorengoa da, hitzez hitz, adostutako testua:
Urtarrilaren 27a aukeratu zuten Europako Parlamentuak eta Nazio Batuen Batzar
Nagusiak “Holokaustoaren Biktimen Oroimenerako Nazioarteko Eguna” ezartzeko,
1945eko egun horretan, Sobietar tropek Auschwitz-Birkenauko Kontzentrazio Esparrua
askatu baitzuten.
Irungo Udaletik Historia Garaikideko gertaera ilunenetako baten biktimak gogoratu nahi
ditugu: Alemania Naziak sistematikoki planifikatutako genozidioa; etnia, erlijio, gizarte,
politika edota sexu-orientazioko arrazoiengatik 6 milioi pertsona baino gehiago
erailtzea ekarri zuena. Horien artean, 23 irundar zeuden.
Era berean, gogora ekarri nahi ditugu borroka antifaxistagatik sufritu eta nazien
eremuetara deportatu zituzten pertsona guztiak. Irungo 23 biktimetatik, batzuk nazien
sarraski-eremuetan hil zituzten. Beste batzuk askatu egin zituzten, baina ezin izan ziren
etxera itzuli, diktadura frankistak ukatu egin baitzien jatorrizko herrialdera itzultzeko
eskubidea.
77 urte geroago, gizartearen memoriaren zati egin nahi dugu gure historiaren gertaera
lazgarri hau, biktima guztien oroitzapena bizirik mantentzeko, gertatutakoa ez ahazteko
eta berriro gerta ez dadin.
Horregatik guztiagatik, Irungo Udalak honako hau adostu du:
1. Irungo Udalak, urtarrilaren 27an Holokaustoaren Biktimen Oroimenerako Nazioarteko
Eguna dela eta, nazien jazarpena jasan zuten pertsona guztiak omendu nahi ditu,
bereziki 23 irundarrak.
2. Irungo Udalak oroimena eta errekonozimendua adierazi nahi ditu horientzat
guztientzat, erregimen Naziaren eta faxismoaren aurkako borrokan; biktimen
duintasunagatik, askatasunagatik, demokraziarengatik eta gure memoria kolektiboaren
parte diren Giza Eskubideengatik.