Hiriko kirolari eta klub onenak sarituko dituzte otsailaren 14an
Aurtengo Irungo Kirolaren Saria gala formatuan egingo dute, Ficoban. Kirolari eta klub onenez gain, Irundarron saria ere banatuko dute, herri bozketa batetik aterako dena.
Pandemiak iazkoa mugatu bazuen ere, bueltan da Irungo Kirolaren Saria, ekitaldi eta guzti. Otsailaren 14an banatuko dituzte (astelehena da,. 19:30ean), Ficoban egingo duten ekitaldi batean. “Publikoa ere itzuliko da gure hiriko kirolarentzako hitzordu kutunera. Gure kirolari eta klubekin izan ohi dugun topaketa da, iaz egin zuten lan guztia omentzeko, kontuan izanik aurreko denboraldian ere oso handia izan zela pandemiaren eragina”, nabarmendu du Borja Olazabal Kirol saileko ordezkariak.
Ekitaldian gizonezko eta emakumezko kirolari onenaren eta klub onenaren sariak banatuko dituzte. Horiekin batera, Irundarron Saria ere entregatuko dute, herri bozketa batetik aterako dena.
Ekitaldi berezia prestatzen ari dira, gala formatua izango duela aurreratu du Olazabalek. “Proposamen entretenigarriak” dituztela dio, eta besteak beste, Adrian Crowley eta Kako Aranbururi omenaldi berezia egingo dietela.
Ondorengo kirolariek dute sariren bat eskuratzeko aukera: Naroa Garcia (borroka), Bidasoa Irun (eskubaloia), Aritz Larrarte eta Gorka Pablos (trinketea), Julen Aginagalde (eskubaloia), Teresa Errandonea (atletismoa), Ander Elosegi (ur biziak), Maitane Herrero (judo), Haimar Etxeberria (txirrindularitza), Jaouad Karbal (borroka), Maialen Ramos (judo), Dario Cerezal (kulturismoa), Irati Beorlegi (obstakulu lasterketa), Asier Landart (obstakulu lasterketa), Jaizubia Klub Hipikoa (hipika), Jose Gomez de Arriba (atletismoa), Klara Olazabal (ur biziak) eta Santiagotarrak (piraguismoa).