"Euskarak mugarik ez duela" aldarrikatuz iritsiko da Korrika Bidasora
Apirilaren 10ean helduko da Irunera 22. Korrika, ilargipean. Datozen asteotan zenbait batzorde ireki egingo dituzte, ekitaldi eta ekintzak antolatzeko.
Irun, Hendaia eta Baztango Korrikako arduradunek agerraldia eskaini dute gaur Etorbidearen zubian, aurtengoaren nondik norakoak azaltzeko. Apirilaren 10ean helduko da Irunera 22. Korrika, “euri nahiz laino”, eta Irungo kasuan, “ilargipean”, gauez helduko baita lekukoa. Beste behin “euskarak mugarik ez duela” aldarrikatuz iritsiko da Korrika eskualdera, eta “euskara lurralde osoan babestua izan dadin” aldarrikatuko du.
Euskarak aurrera egin nahi badu “euskaldun (pro)aktiboak behar” dituela gaineratu dute gaurkoan, “konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak”. “Ekin diezaiogun berehala aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzaten eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko. Hitzekin ulertzen dugu hizkuntza. Beraz, ekin! Euskaraz egin. Hitzetik ekintzara salto, hitz egin eta ekin. Orain da 22. tantoa egiteko unea, partida irabazi behar da euskaraz eginez, eraginez eta eginaraziz”, erantsi dute.
Motorrak berotzen hasteko, zenbait batzorde egingo ditu Irungo AEKk (lehena otsailaren 10erako aurreikusi dute), eta herritarrei parte hartzeko gonbita egin diete. Aurreikusitako ekitaldiez gain, herritarrek ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera izango dute batzorde horietan. “Guztion ekarpena eta ahalegina beharrezkoak dira. Denon parte hartzeaz lortuko dugu Euskal Herri euskalduna eta guztion esku eta oinei esker eraman ahal izango dugu euskararen lekukoa Amurriotik Donostiara”.
22. Korrika apirilaren 10eko 00:53an iritsiko da Irunera (Hendaiatik), ondoren Hondarribira (01:39) joateko. Atzera berriz ere egingo du Korrika Irunera (02:21), hiritik Oiartzun aldera joateko (03:09).