EAJ: "Gobernuak ez du akordiora iristeko benetako borondaterik erakutsi"
Laugarren bilera bat izan dute gaur jeltzaleek udal gobernuarekin, aurrekontuak negoziatzeko. EAJk aitortu du "dezepzionatuta sentitu" direla, eta negoziaketa prozesua "akordiorik gabe amaitutzat" eman dutela.
Aurtengo aurrekontuei begira Irungo EAJ taldeak bilera ugari eskatu dizkio udal gobernuari, haien arabera, “negoziaketetan aurrera egiteko, maximoetan oinarritutako akordio bat lortzeko eta asteleheneko osoko bilkuran aurrekontuei aldeko botoa emateko asmo sendoarekin”. Baina hala ere, negoziaketetatik kanpo utzi dituztela salatu dute.
Gaur laugarren bilera bat izan dute jeltzaleek, eta aitortu dute “dezepzionatuta sentitu” direla, eta hala, negoziaketa prozesua, “akordiorik gabe amaitutzat” eman dute. “Orain, ikusi behar dugu zein neurritan onartzen edo baztertzen dituen Gobernuak, 3.5milioi eurogatik, aurkeztu ditugun 30 proposamenak. Guk lanean jarraituko dugu gobernuak aurkeztutako proposamenak hobetzeko eta aberasteko.”, esan dute taldekoek. Bide batez aurrekontu ahalmen guztia aprobetxa dezala eskatu diote PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUk osatutako gobernuari.