Irundarrak "laneko segurtasun eta prebentzio neurririk eza" salatzera deitu ditu Ezker Abertzaleak
Irungo langilearen heriotza salatzeko astelehen arratserako mobilizazio bat iragarri du Ezker Abertzaleak.
Atzoko langilearen heriotzaren harira, Irungo Sortuk “laneko segurtasun eta prebentzio neurririk eza” salatzeko mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Elkarretaratzea egingo dute astelehenean (hilak 31), 19:00etan, San Juan plazan.
“Sistematikoa da langileok dugun segurtasun eza. Bistan da, lan istripu edo ezbeharrez mintzatu baino terrorismo patronalaz mintzatu beharko genukeela. Ez da gutxiagorako, aurtengo urtea beltza baitoa oso. Hilabete igaro ez, eta 5 behargin hil dira, honezkero, terrorismo honen eraginez. Azkena, Irunen zendu den langilea”, esan dute Ezker Abertzaleko kideek hedabideei bidalitako ohar batean.
“Datu beldurgarri horiek ikusirik, ezinbestean eragin behar dugulakoan”, mobilizatzeko premia nabarmendu dute. Herritar orori luzatu diote bertaratzeko gonbita.